Urteko laugarren hildakoa Zaballako espetxean

Erredakzioa 2020ko urr. 1a, 16:30
2020an lau pertsona hil dira Zaballako espetxean; azken biak irailean.

Odolusteak ez du etenik Arabako espetxearen barruan. Soilik 2020an, Zaballan preso zeuden lau pertsona hil dira dagoeneko "arrazoi ez naturalengatik"; azkena, 35 urteko gasteiztar bat izan da, Salhaketa elkarteak jakinarazi duenez.

Irailaren 26an agertu zen I.M.E. izeneko 35 urteko gasteiztarraren hilotza. Urte honetan Zaballako espetxean hildako laugarren pertsona izateaz gain, irailean hil den bigarren presoa da. Izan ere, irailaren 10ean, 4. moduluko preso bat bere ziegan urkatuta topatu zuten kideek. Uztailaren erdialdean, 23 urteko beste preso baten gorpua aurkitu zuten, urteko bigarrena. 2019an, berriz, beste bost preso zendu ziren Arabako kartzelan; hortaz, azken bi urteetan bederatzi pertsona hil dira bertan.

Beste kasuetan bezala, Salhaketak deitoratu du "ekidin zitekeen tragedia bat" izan dela, eta Espainiako kartzeletan hildako pertsonen "zifra makabroa" loditu duen "iragarritako heriotzen kronika berri bat" baino ez dela. Gainera, hildako "gehienak arrazoi ez-naturalengatik hilda agertzen diren gazteak" direla ohartarazi du elkarteak.

"Zer ari da gertatzen? Zergatik ezkutatzen dira heriotza horiek? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk balira? Zigor gabe onar al daitezke heriotza horiek estatuaren erakunde batean?", galdetu du Salhaketak.

Presoen aldeko Salhaketa elkarteak elkarretaratze bat deitu du asteartean, urriaren 6an, 12:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.

Legeriaren aplikazioa

Elkartearen aburuz, heriotza horietako gehienak saihestu litezke, "besterik gabe, indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuko balitz". Ildo horretan, neurri zehatzak eskatu ditu, hala nola:

  • Fiskaltzak heriotza horiek ofizioz ikertzea kasu guztietan.
  • Espetxeetako zuzendaritzek "inpartzialtasunez" familiak informatzea.
  • Familiei beharrezko laguntza guztia ematea, erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal izateko.
  • Droga-mendekotasunak gainditzeko programak ezartzea, prozesu-fasean dauden zigorrak ordezteko eta betearazpen-fasean daudenak baldintzapean eteteko neurriak garatzeko.
  • Gaixotasun larriak dituzten presoak "berehala" askatzea, bereziki fase terminalean daudenak, baita gaixotasun mentalak dituztenak ere; izan ere, egoera horiek suizidioa eragiten dute kasu askotan.
  • Zigor eta espetxe legeriaren berehalako erreforma, zigorrak "beharrik gabe" ez luzatzeko.
  • Presoen kopurua murriztea, espetxe bakoitzaren "gaitasun optimoa" lortu arte, egungo masifikazioa saihesteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide