23 urteko preso bat hilda aurkitu dute Zaballako espetxean

Erredakzioa 2020ko uzt. 21a, 13:05
L.F.B.C. 23 urteko presoaren hilotza iragan ostiralean agertu zen bere ziegan. / ZARATEMAN

Zaballako beste preso bat hil dela ohartarazi du Salhaketak. L.F.B.C. 23 urte zituen eta lau urte zeramatzan kartzelan; uztailaren 17an, ostiralean, bere ziegan hilda agertu zen.

Salhaketa elkarteak salatu du Espainiako Espetxe Erakundeak ez duela heriotzaren berririk eman, eta espetxeetako heriotzak "ezkutatzeko politika sistematikoa" dagoela, "batez ere Covid-19aren epidemiaren ondorioz".

"Ekidin daitekeen tragedia bat" dela deitoratu dute, eta Espainiako kartzeletan hildako pertsonen "zifra makabroa" loditu duen "iragarritako heriotzen kronika berri bat" baino ez dela azpimarratu du. Gainera, hildako "gehienak arrazoi ez-naturalengatik hilda agertzen diren gazteak" direla ohartarazi du elkarteak.

"Zer ari da gertatzen? Zergatik ezkutatzen dira heriotza horiek? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk balira? Zigor gabe onar al daitezke heriotza horiek estatuaren erakunde batean?", galdegin du Salhaketak.

Legeriaren aplikazioa

Elkartearen aburuz, heriotza horietako gehienak saihestu litezke, "besterik gabe, indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuko balitz". Era berean, neurri zehatzak eskatu ditu, hala nola:

  • Fiskaltzak heriotza horiek ofizioz ikertzea kasu guztietan.
  • Espetxeetako zuzendaritzek "inpartzialtasunez" familiak informatzea.
  • Familiei beharrezko laguntza guztia ematea, erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal izateko.
  • Droga-mendekotasunak gainditzeko programak ezartzea, prozesu-fasean dauden zigorrak ordezteko eta betearazpen-fasean daudenak baldintzapean eteteko neurriak garatzeko.
  • Gaixotasun larriak dituzten presoak "berehala" askatzea, bereziki fase terminalean daudenak, baita gaixotasun mentalak dituztenak ere; izan ere, egoera horiek suizidioa eragiten dute kasu askotan.
  • Zigor eta espetxe legeriaren berehalako erreforma, zigorrak "beharrik gabe" ez luzatzeko.
  • Presoen kopurua murriztea, espetxe bakoitzaren "gaitasun optimoa" lortu arte, egungo masifikazioa saihesteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide