Sidenorrek Arabako 300 langileri eragingo dien lan erregulazioa iragarri du

Sidenor enpresak Gasteizko Gamarrako Atean duen lantegia. / GOOGLE MAPS

Aldi baterako lan erregulazio espedienteak (ABLEE) 2021eko abendura arte iraungo du, eta Sidenor enpresaren lantoki guztiei eragingo die; baita Gasteizko plantako 250 eta Legutioko 50 langileei ere.

Sidenor altzairugintza enpresa taldeak aste honetan iragarri duenez, enplegua aldi baterako erregulatuko du enpresaren lantoki guztietan. Une honetan, taldeak 1.500 langile ditu, eta horietatik 1.200 inguru EAEko fabriketako langileak dira. Gasteizko plantaren kasuan, 250 langile inguru daude, eta Legution beste 50.

Enpresako zuzendaritzaren arabera, erregulazioa automobilaren sektorearekin lotuta dago. Izan ere, Sidenorrek fabrikatzen duen altzairuaren %70, gutxi gorabehera, automobilgintzara bideratzen du, eta sektore horrek salmenten geldialdi nabarmena izan du pandemiaren ondorioz. LAB sindikatuaren ustez, halere, argudio "bitxia" da hori, autogintzan ari diren euskal lantegi handiak ABLEEak bertan behera uzten ari direlako.

Zentzu horretan, enpresak azpimarratu du aldi baterako neurriarekin kaleratzeak saihestuko direla. Oraingoz ez ditu ABLEEaren inguruko xehetasun gehiagorik eman; besteak beste, lanaldiaren murrizketa zenbatekoa izango den. Izan ere, sindikatuekin eta erakundeekin negoziazio mahai bat eratzea da zuzendaritzaren asmoa.

Argi dago, ordea, sindikatuek azaldu dutenez, espedientea 2021eko abenduaren 31ra arte luzatuko dela.

LAB, erabakiaren kontra

Oraingoz, besteen jarrera zehaztu bitartean, LAB sindikatua izan da ABLEEaren kontra lerrokatu den bakarra. Sindikatu abertzaleak "erabat" baztertu egin du enpresaren erabakia.

Besteak beste, azken 4 urteetan, irabazietan baino diru kopuru handiagoa dibidendutan banatu dela salatu du. Sindikatuaren arabera, goi-zuzendaritzako kideek 18 milioi euro banatu dituzte, 2018/2019 aldian. Horrez gain, 4 urteko epe horretan 600 lanpostu murriztu direla gogorarazi du LABek: "2016an 2.239 langile izatetik, 2019an 1.651 langile izatera igaro gara".

Enpresa "nahiko egoera onean" dagoela deritzo sindikatuak, "etorkizunean egon litezkeen balizko urte zailei aurre egiteko, dibidenduen banaketa basatiaren ondoren ere".

Gainera, zuzeneko lanpostuez gain, Sidenorrek azpikontratatutako 700 langile baino gehiago ditu: jangela, garbiketa, mantenua, logistika, garraioa... "Enpresak ABLEE bat ezartzen badu, azpikontratek bide beretik jarraituko dute", ohartarazi du LABek.

Erregulazio espedienteak Araban

Sidenorrek iragarritako espedientea azken hilabeteetan Arabako industriaren sektoreko enpresa handien artean ezagutu diren beste ABLEE batzuei gehitu zaie, pandemiaren testuinguruan.

Tubacexek Aiaraldeko 150 langile kaleratzeko aukera zabalik utzi du; Aernnovak 1.000 langile inguru kaleratuko ditu (plantillaren %20), eta, gaur egun, 450 langile ditu Berantevillako plantak; bestalde, Alestisek 87 langile kaleratuko ditu Miñaoko lantegian.

Etorkizuna, oro har, ez da oso itxaropentsua, osasun krisiak eragin duen geldialdi ekonomikoa kontuan hartuta. Michelinek, ordea, sindikatuei jakinarazi die lan karga berreskuratzen ari dela eta espediente berri baten mehatxua uxatu duela 3.000 langile baino gehiago dituen Gasteizko lantegitik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide