Alestisek 87 langile kaleratuko ditu Miñaoko lantegian

Erredakzioa 2020ko ira. 1a, 17:53

Alestis sektore aeronautikoaren enpresa da, Miñaoko parke teknologikoan kokatuta. / ZARATEMAN

Astearte honetan, Gasteizko lantegiko 87 langile kaleratzea planteatzen duen enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) negoziatzen hasi da Alestis enpresa; guztira, 585 kaleratze planteatu dira estatu osoan.

Duela egun batzuk aurreratu zuen bezala, EEEa mahai gainean jarri du Alestisek: 585 langile kaleratu nahi ditu Espainiako estatu osoko lantegietan; horietako 87 Gasteizko fabrikako beharginak dira, 178 langilek osatutako plantillaren %46.

ELA sindikatuak kaleratzeen aurkako "jarrera irmoa" adierazi eta enpresaren "fede txarra" salatu du: "Oporretan eta langile guztiak aldi baterako lan-erregulazioko egoeran dauden bitartean, Estatu mailako negoziazioaren irekiera jakinarazi du". Sindikatuaren ustez, gainera, kaleratzeak estatu mailako prozedura batean planteatzeko erabakiak ez du Gasteizko enpresa batzordearen eta langileen borondatea errespetatzen, eta "benetako negoziazio-ahalmenik gabe" utzi du.

"Gasteizko langileek beren lan etorkizunari buruz erabakitzeko duten eskubidea defendatzen dugu, beste esparru batzuetatik inposatu gabe", adierazi du sindikatuak.

"Egoera koiunturala da eta ez egiturazkoa, eta gainditu egin daiteke kideak kalean utzi gabe", defendatu du ELAk. Espedientea justifikatzeko, ordea, Covid-19ak aeronautikaren sektorean eragindako egoera eta "ekoizpenari lotutako arrazoiak" argudiatu ditu enpresak.

Aeronautikaren sektoreko lehen mailako hornitzailea (Tier-1) da Alestis azpikontrata, eta sektoreko enpresa nagusientzat egiten du lan, hala nola Airbus, Embraer edo Boeing. Akzioen %75,95 duen Aciturri enpresa taldearen esku dago, eta SEPI Espainiako industria arloko erakunde publikoak du gainontzeko %24,05.

Instituzioen inplikazioa

Bestalde, EEEaren berri izan zutenean, Alestisen jabetzaren zati bat -SEPIaren bidez- estatuarena dela azpimarratu zuten sindikatuek: "Administrazioak erantzukizun zuzena du sektore estrategiko hau eta sortzen dituen lanpostu zuzen eta zeharkakoak eusten; hortaz, bere inplikazioa exijitzen dugu", adierazi zuen LABek.

Sindikatu abertzaleak eskaera bera egin zion Eusko Jaurlaritzari, industria-politika arloan dituen eskuduntzak hegazkingintzaren alde baliatzeko: "Balio erantsi altua duen sektorea da, inbertsio handiak egiten dituena I+G+B arloan eta EAEko produkzio industrialaren %5 eta BPGren %1,4 sortzen dituena".

Sindikatuak azpimarratu zuenez, zuzeneko 5.000 lanpostu eta zeharkako 20.000 sortzen ditu hegazkigintzak EAEn, estatu mailako hegazkingintzaren %12 EAEn egiten da, eta, gainera, sektoreak diru laguntza handiak jaso ditu instituzioetatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago