Zuzendaritzaren arabera, datozen hiru urteetan pandemia aurreko jardueraren %30 galduko du Aernnovak, eta langileen %20 kaleratuko dituela iragarri du euskal enpresa aeronautikoak; guztira, 950 langile utziko ditu kalean, horietako 650 Espainian.
Iñaki Lopez Gandasegui buru duen enpresaren bezero nagusien artean Airbus, Boeing eta Embraer enpresak daude, eta, enpresako zuzendaritzak azaldu duenez, arazo larriak dituzte Covid-19aren pandemiaren ondorioz. Izan ere, hegaldi kopuruaren beherakadak krisi sakona eragin du sektorean, eta hornitzaile nagusien artean lan kargaren zein eta eskarien beherakada handiak izan dira azken hilabeteetan.
Oraindik zehaztu gabe dago berregituratzeak Berantevillako fabrikan izango duen eragina, baina Tubacexek pasa den astean Amurrio eta Laudioko lantegietan iragarritako 150 kaleratzeekin batera, kolpe gogorra izan daiteke Arabako industriarentzat.
Aernnovak Berantevillan duen lantegi nagusian egitura aeronautikoak eraikitzen dira; gaur egun, 450 langilek osatutako plantillaren 260 langile inguru aldi baterako lan erregulazio espedientean (ABLEE) daude urte amaierara arte.
"Prentsari filtratutako informazioa"
Ohar bidez, ELA sindikatuak "erabat" arbuiatu ditu Aernnovako zuzendaritzak planteatutako kaleratzeak. Gainera, sindikatuak ziurtatu duenez, "prentsari filtratutako informazioen bidez" jakin dute Aernnovak bere langileen %20 kaleratzeko asmoa duela.
"Enpresak 2021eko lehen seihilekora arte iraungo duen doikuntza justifikatu egin du Covid-19 osteko garaiari aurre egin behar diola argudiatuta", deitoratu du sindikatuak, eta salatu egin du erabaki horiek "komunikabideei filtrazioak eginez eta langileen ordezkariei informaziorik eman gabe" helarazten direla.
"Langileekiko errespetu falta arau bihurtzen hasi da euskal enpresen jardunean", kritikatu dute langileen ordezkariek.
ELAren arabera, azken ekitaldietan, akziodunen artean milioi bat euro banatu ditu enpresak. 2017. urtean, adibidez, enpresak gehienez 140,8 milioi euro bana zitzakeen, eta 139,4 milioi euro banatzea erabaki zuen, sindikatuak azaldu duenez. 2020ko urtarrilean, ordea, zuzendaritzak 490 milioi euroko kreditua eskatu du, horietako 100 milioi akziodunei banatzeko helburuarekin, dibidendu gisa.
"Enpresa zorpetzeko prest dagoen zuzendaritza baten irrika islatzen dute zenbaki horiek, akziodunari ahalik eta etekin handiena ateratzeko", salatu du sindikatuak, eta "jarrera irmoa" eskatu die administrazio publikoei.