Asteazken honetan 10:30etik aurrera enpresa batzordearekin egindako bileran, Tubacex taldeko zuzendaritzak langileen ordezkariei jakinarazi die Laudioko eta Amurrioko lantegietan kaleratzeak eta murrizketak aurrera eramateko asmoa duela, kaleratze kopuruaren inguruko informazio zehatzik eman gabe.
ELA sindikatuak zuzendaritzaren jarrera arbuiatu egin du, eta iragarri du "lanpostuen eta lan baldintzen alde borrokara" joko duela. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "aurre egin diezaiola Tubacexen lanpostuak suntsitu edo baldintzak okertzeko edozein saiori".
Tubacex enpresak aste honetan iragarri du urtean 25 milioi euro aurrezteko berregituratze-plana; horren arabera, 500 langile kaleratu nahi ditu, eta nazioarteko plantilla osoa %20 inguru murriztuko luke.
Iragarri bezala berregituratzeak %20ko eragina izango balu Aiaraldeko lantegietan, 150-160 kaleratze inguru egon litezke. Izan ere, gaur egun 800 langile ditu Tubacexek Araban, Laudioko eta Amurrioko lantegietan; nazioarteko plantilla osoaren %30 baino gehiago.
Sindikatuak kaleratzeen aurka
LAB sindikatuak ohar bidez ohartarazi du ez duela Tubacexen kaleratzerik onartuko, ezta "langileen eskubide galera edo murrizketarik ekarriko duen akordiorik" ere. Sindikatuak azaldu duen bezala, asteazken honetan Amurrio eta Laudioko lantegietako enpresa batzordeekin duen bilerara "itxaron gabe" eman du enpresak kaleratzeen berri.
Enpresari leporatu diote kaleratzeak "langileen kostuak jaitsi beharrarekin justifikatu" eta "Covid-19ak sortutako egoeraz baliatu" izana. Izan ere, LABen arabera, enpresaren egoera ekonomikoa "nahikoa ona da lantegien etorkizuna bermatu ahal izateko", eta ziurtatu dute inolako berregituraketa prozesurik ez dela beharrezkoa: "Argi dago berregituraketa honek enpresaren estrategiari erantzuten diola eta ez arrazoi ekonomikoei".
25 milioi euroko murrizketa
2021ean 25 milioi euroko murrizketa lortzea da Tubacex enpresak iragarritako neurrien helburu nagusia, eta, horretarako, 2.553 langileen -1.103 Espainian- %20 kaleratuko dituela iragarri du aste honetan; hau da, mundu osoan dituen 16 ekoizpen zentroetako 500 langile inguru utziko ditu kalean.
Enpresak azaldu duenez, egoera ekonomikoa nabarmen okertu egin da Covid-19aren ondorioz, eta salmenten "geldialdia" eragin du hainbat urteko perspektiban. 2020ko lehen hiruhilekoa 1,6 milioi euroko galerekin amaitu du Tubacexek.
"Ezin da etengabe bizi aldi baterako lan erregulazio espediente (ABLEE) batean", adierazi du enpresako zuzendariak. Enpresak azaldu du murrizketarekin "enplegu gehiena salbatu" nahi dutela.
Nazioarteko merkatua
Altzairu herdoilgaitzezko soldadurarik gabeko hodiak ekoizten ditu Tubacexek, batez ere petrolioaren erauzketaren merkatura zuzenduta, baita energia ekoizteko eta produktu kimikoak prozesatzeko instalazioetara ere.
Halaber, nazioartekotze-estrategia bat jarraituko duela berretsi du; izan ere, herrialde batzuek ekoizpen nazionala egotea exijitzen dute hodien eskaerak esleitzeko.