Koronabirusa

Eskolara itzuli dira 14 urtetik beherako ikasleak, sei hilabeteren ostean

Mikel Buruaga 2020ko ira. 7a, 11:00

Pandemiaren ondorioz aurrez aurreko eskolarik gabe sei hilabete igaro eta gero, astelehen honetan hezkuntza zentroetara itzuli dira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak.

Kezkak markatutako ikasturte berriari ekin diote irailaren 7an unibertsitatez kanpoko Arabako hezkuntza zentroek. Protokolo zorrotzekin eta modu progresiboan hasiko dira klaseak.

Gaur 14 urtetik beherako ikasleen txanda izan da; hau da, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak itzuli dira. Gainontzekoak irailaren 14tik aurrera iritsiko dira, data ezberdinetan.

59.282 ikasle daude aurrematrikulatuta unibertsitatez kanpoko Arabako ikastetxeetan; aurreko ikasturtean izena eman zutenak baino 477 ikasle gutxiago izan dira, %0,80 gutxiago.

"Familiak zaintzea da lehentasuna"

Gasteizko Samaniego  Ikastetxe Publiko Integralera (IPI) hurbildu da ALEA, ikasturteko lehen eguna bertatik bertara ezagutzeko. Lehenengo ikasleak 9:00etan iritsi dira ezohiko egoerara moldatutako jolastokira: Haur Hezkuntzako 5 urteko umeak eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailakoak.

Cristina Arguijo zentroko zuzendaria sarrerako ateraino atera da familiak antolatzeko. Ondoren, taldez taldeko ilarak osatu dituzte jolastokian, eta, ikasleei tenperatura hartu ostean, pixkanaka, ikasgeletara abiatu dira. 10:00etan LHko 4. eta 6. mailakoak iritsi dira, eta, 10:30ean DBHko 1. mailakoak; bihar eta etzi hasiko dira gainontzeko taldeak.

Guraso eta umeen urduritasuna nabaria zen, baina lehenengo egunetik "segurtasuna transmititzea" izan da zentroaren helburua, Cristina Arguijo zuzendariak azaldu duenez. Izan ere, familia zaurgarriak nagusi dira Samaniegon, eta lehentasuna horiek zaintzea izango dela azaldu dio Aguijok ALEAri: "Ikastetxeko lantalde osoa buru-belarri murgildu da helburu horretan, baita irakasle berriak ere".

Lehenengo egunetan aurkezpenak baino ez dituzte egingo Samaniegon, irailaren 10ean ikasturte hasiera ofizialari ekin aurretik: "burbuila-taldeak" osatu, segurtasun protokoloak azaldu, ikastetxe barruan jarraitu beharreko ibilbideak ezagutu eta irizpide guztiak argi izateko simulakroak egingo dituzte.

Hurrengo egunetan, balizko hutsuneak identifikatu eta protokoloak egoeraren arabera moldatzen joango dira Samaniegon. "Egin beharreko guztia egin dugu, modu ezin hobean gainera; orain ikusiko dugu zer moduz doan guztia", adierazi du zuzendariak.

Lehenengo ikasleak iritsi dira gaur ere Legutioko Garazi HLHI ikastetxera. / MIRIAN BITERI

GIDA PRAKTIKOA

Nola hasiko da ikasturte berria hezkuntza zentroetan?

Noiz itzuliko dira ikasleak?

  • Irailaren 7an: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak (ikastetxeen %75).
  • Irailaren 14an: Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 15ean: DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak.
  • Irailaren 16an: Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 2. mailako ikasleak.
  • Irailaren 21ean: Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 23an: Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 2. mailako ikasleak.
  • Irailaren 28an: Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 30ean: Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako 2. mailako ikasleak.

Ordutegiak aldatuko dira?

  • Haur eta Lehen Hezkuntzan ordutegi zatitua izaten jarraituko du, lanaldi jarraitua izan beharrean.

Zeintzuk izango dira segurtasun neurri nagusiak?

  • Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorako ikasleentzat; hau da, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera.
  • Maskararen erabilera gomendagarria da 6 urtetik beherako ikasleentzat.
  • Irakasleek uneoro eraman beharko dute maskara ikastetxearen barruan.
  • Metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da ikasgeletan.
  • Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan "bizikidetza-talde egonkorrak" sortuko dira, ikastetxeko beste taldeekin ez nahasteko.
  • Ikasle edo irakasleren batek sintomak baditu ikasturtean zehar, ez da ikastetxera joango.
  • Garrantzitsua da zentrora sartu aurretik tenperatura hartzea; familiek beraiek etxetik irten aurretik hartzea gomendatzen da.
  • Ikastetxeek tenperatura hartzeko materiala izan beharko dute, ikasleen artean sukar-sintomarik egonez gero erabiltzeko.

Zentroan kasu positiborik atzematen bada, zer?

  • Kasu positibo bat detektatzen den bakoitzean jarraitu beharreko protokolo bat dago.
  • Positiboa baieztatzen denean, zentroa Osasun Publikoarekin harremanetan jarriko da protokoloa aplikatzeko.
  • Zentro bakoitzari harremanetarako telefono-zenbaki bat esleitu zaio.
  • Eusko Jaurlaritzak 3 kasu positibotan ezarri du ikastetxe batean agerraldi bat deklaratzeko gutxieneko kopurua, horien arteko lotura dagoenean.
  • 3 kasutik gorako agerraldien jatorria bilatuko da, eta isolatu ote daitekeen aztertu ere.

Baliabideak indartuko dira?

  • Hezkuntza zentroek higiene eta osasun materiala jasoko dute ikasleak eskoletara itzuli aurretik.
  • Hezkuntza Sailak garbiketa-zerbitzua indartzea adostu du enpresa esleipendunekin.
  • Hezkuntza Sailak 500.000 maskara bidaliko ditu hilero ikastetxeetara; ikasturtea hasi baino lehen, 800.000 maskara kirurgiko bidaliko dira.
  • Ekainean kontakturik gabeko termometro digital bat banatu zen ikastetxe bakoitzean. Ikasturtearen hasieran, banaketa berria egingo da, ikastetxeen behar bereziak asetzeko.
  • 5.000 litro gel hidroalkoholiko banatuko dira hilero.
  • Eusko Jaurlaritzak 1.000 irakasle berri kontratatzea aurreikusi du.
  • Eusko Jaurlaritzak 24.000 ordenagailu baino gehiago erosiko ditu, behar duten irakasle eta ikasleentzat.

Neurri horiek pandemiaren bilakaeraren arabera aldatu ahal izango direla azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago