Koronabirusa

Irailaren 15ean greba iragarri dute hezkuntzako sindikatuek

Erredakzioa 2020ko ira. 3a, 09:30

ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek deitu dute greba. / Argazkia: @ELAsindikatua

Mobilizazioak egingo dira bihartik aurrera, eta plantillak handitzea, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua 10 edo 15 ikaslera murriztea eta langileekin adostutako protokolo "eraginkor" bat exijitzeko greba izango da irailaren 15ekoa.

Aste honetan lanean hasi dira irakasleak, eta, ostegun honetan, Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioarekin kointzidituz, EAEko irakaskuntzako sindikatuek irailaren 15ean greba egingo dutela iragarri dute, DBHko 2. mailatik gorako ikasleen itzulerarekin batera.

Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua lelopean, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako arlo guztietan eragingo du greba deialdiak, bai sare publikoan eta baita itunpekoan ere.

Horrekin batera, bihartik aurrera mobilizazioak hasiko dira: ostiral honetan elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxeetan, eta irailaren 10ean 18:00etan EAEko hiru hiriburuetako Hezkuntza ordezkaritzen aurrean.

Irakasleetatik hasita eta baita garbiketa zerbitzuan, jantokietan edo garraioan ere plantillak handitzea exijitzen dute; horrekin lotuta, lan taldeak handitzea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea nahi dute.

Bestalde, gela bakoitzeko ratioa 10 edo 15 ikaslera murriztea eta haurren arreta emozionalari aurre egin ahal izateko eman beharreko edukiak murriztea ere eskatzen dute, besteak beste.

Halaber, uste dute Hezkuntza Sailak iragarritako 1.000 irakasleen kontratazioa ez dela nahikoa. Sindikatuen arabera, ez dago "irizpide argirik" zehazteko nola egingo den.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek salatu dutenez, eskoletara itzultzeko Hezkuntza Sailak aurkeztu dituen protokoloak "oso berandu datoz", ez dira sindikatuekin negoziatu eta "zuzendaritzen eta ikastetxeen esku utzi dute eskola-komunitatearen osasuna bermatzeko ardura", haien ustez Sailari dagokiona. Gainera, azken ikasturtearen amaieratik helarazi dizkioten eskaerek ez dute erantzunik izan.

Sindikatuen esanetan, "egoera epidemiologiko kezkagarrian gaude, eta, beraz, ezinbestekoa da itzulera presentzial segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatzea eta hori posible egiteko bitartekoak jartzea".

Noiz itzuliko dira ikasleak?

  • Irailaren 7an: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak (ikastetxeen %75).
  • Irailaren 14an: Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 15ean: DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak.
  • Irailaren 16an: Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 2. mailako ikasleak.
  • Irailaren 21ean: Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 23an: Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 2. mailako ikasleak.
  • Irailaren 28an: Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 30ean: Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako 2. mailako ikasleak.
Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago