Koronabirusa

Nola hasiko da ikasturte berria hezkuntza zentroetan?

Erredakzioa 2020ko abu. 28a, 13:29

Aramaioko San Martin eskolako ikasgela bat hutsik. / GOIENA

Ostiral honetan, aurrez aurreko eskoletara itzultzeko plana aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Sailek. Irailaren 7tik aurrera eta modu progresiboan hasiko da ikasturtea. Datak eta irizpide orokorrak bildu ditugu ALEAn.

Noiz itzuliko dira ikasleak?

  • Irailaren 7an: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak (ikastetxeen %75).
  • Irailaren 14an: Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 15ean: DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak.
  • Irailaren 16an: Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako 2. mailako ikasleak.
  • Irailaren 21ean: Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 23an: Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako 2. mailako ikasleak.
  • Irailaren 28an: Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako 1. mailako ikasleak.
  • Irailaren 30ean: Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako 2. mailako ikasleak.

Ordutegiak aldatuko dira?

  • Haur eta Lehen Hezkuntzan ordutegi zatitua izaten jarraituko du, lanaldi jarraitua izan beharrean.

Zeintzuk izango dira segurtasun neurri nagusiak?

  • Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorako ikasleentzat; hau da, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera.
  • Maskararen erabilera gomendagarria da 6 urtetik beherako ikasleentzat.
  • Irakasleek uneoro eraman beharko dute maskara ikastetxearen barruan.
  • Metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da ikasgeletan.
  • Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan "bizikidetza-talde egonkorrak" sortuko dira, ikastetxeko beste taldeekin ez nahasteko.
  • Ikasle edo irakasleren batek sintomak baditu ikasturtean zehar, ez da ikastetxera joango.
  • Garrantzitsua da zentrora sartu aurretik tenperatura hartzea; familiek beraiek etxetik irten aurretik hartzea gomendatzen da.
  • Ikastetxeek tenperatura hartzeko materiala izan beharko dute, ikasleen artean sukar-sintomarik egonez gero erabiltzeko.

Zentroan kasu positiborik atzematen bada, zer?

  • Kasu positibo bat detektatzen den bakoitzean jarraitu beharreko protokolo bat dago.
  • Positiboa baieztatzen denean, zentroa Osasun Publikoarekin harremanetan jarriko da protokoloa aplikatzeko.
  • Zentro bakoitzari harremanetarako telefono-zenbaki bat esleitu zaio.
  • Eusko Jaurlaritzak 3 kasu positibotan ezarri du ikastetxe batean agerraldi bat deklaratzeko gutxieneko kopurua, horien arteko lotura dagoenean.
  • 3 kasutik gorako agerraldien jatorria bilatuko da, eta isolatu ote daitekeen aztertu ere.

Baliabideak indartuko dira?

  • Hezkuntza zentroek higiene eta osasun materiala jasoko dute ikasleak eskoletara itzuli aurretik.
  • Hezkuntza Sailak garbiketa-zerbitzua indartzea adostu du enpresa esleipendunekin.
  • Hezkuntza Sailak 500.000 maskara bidaliko ditu hilero ikastetxeetara; ikasturtea hasi baino lehen, 800.000 maskara kirurgiko bidaliko dira.
  • Ekainean kontakturik gabeko termometro digital bat banatu zen ikastetxe bakoitzean. Ikasturtearen hasieran, banaketa berria egingo da, ikastetxeen behar bereziak asetzeko.
  • 5.000 litro gel hidroalkoholiko banatuko dira hilero.
  • Eusko Jaurlaritzak 1.000 irakasle berri kontratatzea aurreikusi du.
  • Eusko Jaurlaritzak 24.000 ordenagailu baino gehiago erosiko ditu, behar duten irakasle eta ikasleentzat.

Neurri horiek pandemiaren bilakaeraren arabera aldatu ahal izango direla azpimarratu du Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago