Argentinako kereila

Espainiako lau presidente ohi Martin Villaren alde agertu dira

Erredakzioa 2020ko ira. 1a, 18:40
Martin Villa ministro ohi frankista 2001. urtean. / PEP PARER

Gonzalez, Aznar, Zapatero eta Rajoy presidente ohiek Martin Villaren aldeko gutunak idatzi dizkiote Servini epaileari. Ministro ohi frankistak Argentinako kereilako epailearen aurrean deklaratuko du irailaren 3an, krimen frankisten auzian.

Martin Villak hainbat testigantza edo adierazpen aurkeztu ditu, buruzagi politiko eta sindikal ohien izenean. Servini epailearen aurreko deklarazioaren bezperetan, besteak beste Felipe Gonzalezek, Jose Maria Aznarrek, Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Mariano Rajoyk ministro ohi frankistaren papera goraipatu dute.

Ostegun honetan, irailaren 3an, gizateriaren aurkako krimenengatik deklaratu beharko du ministro ohiak Madrilen, telematikoki. Hamar eguneko epean, egozten zaizkion egitateengatik auzipetu ala ez erabaki beharko du Servinik. Besteak beste, Martin Villak Gasteizko Martxoaren 3ko edo 78. urteko Sanferminetako sarraskietan duen erantzukizuna ikertuko du epaileak.

Aipatu presidente ohiez gain, beste atxikimendu ugari jaso ditu Rodolfo Martin Villak: Nicolas Redondo, Candido Mendez, Antonio Gutierrez eta Jose Maria Fidalgo UGT eta CCOOko idazkari nagusi ohiak; Miguel Herrero y Rodriguez de Miñon eta Miquel Roca "Konstituzioaren gurasoak"; Eduardo Serra ministro ohi eta Espainiako Konstituzioa Fundazioko presidentea; Rafael Arias-Salgado Espainiako Trantsizio Fundazioko presidente eta ministro ohia; Jaime Ignacio del Burgo senataria; Marcelino Oreja ministro ohia; Enrique Krauss Txileko ministro ohia; edo Jaime Gama Portugalgo ministro ohia. Josep Borrell Europako Batzordeko presidenteorde eta ministro ohiaren babesa ere nabarmendu da.

Jokaldi horren bidez, epaileari bidalitako idazkian dioenez, Martin Villak bere burua defendatu, baina "batez ere, Trantsizioan, gure oraintsuko historiako etapa onenetako batean, genozidioa egotea ezinezkoa izan zela" aldarrikatu nahi du.

Frankismoaren biktimen kritikak

Espainiako agintari ohien abesa deitoratu eta Villa auzipetua izatea espero du biktimak ordezkatzen dituen Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilari Laguntzeko Estatuko Koordinakundeak (CEAQUA).

"Lekukotza horiek aurkezteko unea kontu handiz aukeratu dute, Rodolfo Martin Villa Argentinako kereilan inputatu zutenetik ia sei urte igaro baitira", deitoratu du CEAQUAk. "Servini de Cubria epaileari presio politikoa egiteko saiakera burlati eta groteskoa da, eta onartezina da ikuspegi juridiko-prozesaletik eta ikuspuntu demokratikotik".

CEAQUAren ustez, agintari ohien adierazpena "esku-sartze oso larria" da, eta prozesu osoak izan dituen oztopoak ekarri ditu gogora: "Espainiako agintariek beti oztopatu dute auzi judiziala, Francoren diktaduran eta trantsizioan egindako krimenak ikertzea eragozteko".

Azkenik, argi utzi dute testigantza horiek ez dituztela "inola ere" indargabetzen inputatutako gertakariak. "Diktadura frankista bezalako diktadura odoltsu eta krudeletik zetozen eta 'egungo demokraziaren guraso' bihurtu ziren buruzagi politikoen paradigma da Martin Villa".

CEAQUAk Rodolfo Martin Villa auzipetua izatea espero du: "Horrek prozesuaren tramitazioan aurrerapen nabarmena ekarriko du, baita Estatu demokratiko batekin bateraezina den zigorgabetasun eredu bati amaiera emateko urrats garrantzitsua ere".

Argentinako kereila

Maria Servini epaileak 2014an eman zuen Rodolfo Martin Villa atxilotzeko agindua, Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilaren barruan. Orduz geroztik, Francoren diktaduran goi-kargudun izandakoak hainbat galdeketa saiakera eta nazioarteko atxilotze agindu ekidin ditu.

2015ean, Espainian galdekatuko zuela iragarri zuen Servinik, baina Mariano Rajoyk zuzentzen zuen Ministroen Kontseiluak Argentinako Kereilaren aurkako boikota berretsi zuen.

Ondoren, 2016an, epaileak erreguzko lehen eskaera egin zuen, nazioarteko laguntza judiziala eskatzeko. Martin Villa Espainiako auzitegietara deitu zuen, baina Espainiak prozesua atzeratu egin zuen, Argentinak auzipetuei egingo zizkien galderak eskatzeko. Espainiako justiziak ez zuen laguntzarik eman.

Handik gutxira, Martin Villak Argentinan deklaratzeko aukera lortu zuen, atxilotua izateko arriskurik gabe. Argentinako Ganbera Kriminal eta Korrekzional Federalak helegitea onartu zuen: bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua baliogabetu zuen, eta inputazioa berrikustera behartu zuen Servini.

'Martin Villa epaitu' plataformaren agerraldi bat Martxoak 3 plazan. / ALEA

 

2018ko urrian, Espainiako Auzitegi Nazionalak errefusatu egin zuen Argentinak ministro frankista ohiari deklarazioa hartzea. Jose de la Mata epaileak argudiatu zuen, besteak beste, Espainiako legediaren arabera delituak preskribatuta egongo liratekeela eta Amnistiaren Legea urratuko litzatekeela. Hala ere, Martin Villak berak ez du inoiz halakorik eskatu.

2019ko martxoaren 28an, Servinik ikerketa-deklarazioa hartzea eskatu zuen berriz ere. 2020ko otsailean izan zen azken saiakera: epaileak Espainiara bidaiatu nahi zuen martxoaren 20an Rodolfo Martin Villari deklarazioa hartzeko. Argentinak Madrilen duen enbaxadan izan behar zen hitzordua, baina atzeratu egin zen.

Oraingoz, irailaren 3ra arte behintzat, ministro ohi frankistak ez du inoiz azalpenik eman epaitegi baten aurrean, gizateriaren aurkako ustezko krimenetan parte hartzeagatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide