Maria Romilda Servini epaile federala martxoan joatekoa da Argentinak Madrilen duen enbaxadara, Rodolfo Martin Villari deklarazioa hartzera. Izan ere, 70eko hamarkadan estatuaren aparatuek egindako hilketetan ustez izan zuen erantzukizunagatik ikertzen ari dira Argentinan.
Martxoaren 20rako programatuta zegoen ikerketa deklarazioa hartzeari uko egin dio Espainiako Gobernuak, Publico agerkariak argitaratu duenez. Urtarrilaren 13tik Juan Carlos Camporen esku dagoen Justizia Ministerioak deklarazioa hartzeko eskaera formala atzera bota du, nazioarteko erregu baten bidez egin behar zela argudiatuta.
Frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereilan inputatutako 22 pertsonetako bat da Martin Villa; Barne ministro gisa, besteak beste Martxoaren 3ko sarraskian izandako ardura ikertzen ari da Servini epailea.
Gobernuak trabak jarri izana ukatu du
Azken egunetan sortutako polemikaren harira, trabak jarri izana ukatu du Espainiako Gobernuak. Justizia Ministerioak adierazi du joan den urtarrilaren amaieran Argentinatik informazio eskaera bat jaso zuela, baina oraindik ez dutela erantzun.
Publicok argitaratutako informazioen arabera, eskaera urtarrilaren 28an iritsi zen Argentinatik, baina Gobernuak ez du erantzun oraindik; horrelako kasuetan "ohikoak diren epe eta moduan" erantzungo dutela azaldu dute Gobernuko iturriek.
Bestalde, diktadurako eta trantsizioko hainbat elkarte eta biktima biltzen dituen Kereila Argentinarra Babesteko Estatuko Koordinadorak (CeAQUA), ostegunean egindako prentsaurreko batean salatu du trabak badaudela Maria Servini epaileak Rodolfo Martin Villa ministro ohia Madrilgo enbaxadan galdekatu ez dezan.
Martin Villaren bila
Duela urte batzuk, Servinik Espainiako Gobernuari eskatu zion Rodolfo Martin Villa estraditatzeko, baita herrialde horretako Justiziak galdekatzeko ere, bere kargurako espedientean esleitzen zaizkion krimenengatik. Ez zuen arrakastarik izan, 1977az geroztik Espainian indarrean dagoen Amnistiaren Legea dela eta.
Traba historikoen ostean, 2019ko urtarrilean aurkeztu zuten Espainiako estatuko 30 talde memorialistek Martin Villa epaitu! kanpaina. Tartean, Martxoak 3 Elkartea eta Euskal Herriko beste hainbat elkarte daude. Besteak beste, bideo baten bitartez aztertu zuten Rodolfo Martin Villaren ibilbide kriminala.
Bere agintepean poliziak eragindako heriotzetan ministro gisa izan zuen "paper garrantzitsua" gogoratu dute behin eta berriro. 1976ko martxoaren 3a Gasteizen, 1977ko maiatzaren II. Amnistiaren Aldeko Astea Euskal Herrian, 1978ko Sanferminak Iruñean, Bartzelonako Scala kasua edota Madrilgo Aste Beltza ekarri dituzte gogora.
Horrez gain, Malagan, Tenerifen, Alacanten eta beste hainbat lekutan izandako kasuak ere "erabateko inpunitatean" jarraitzen dutela salatu dute. 1975 eta 1979 urteen bitartean, 90 hildako baino gehiago eragin zituen errepresio polizialak eta parapolizialak.