Martxoan justiziarekin hitzordua izango du Martin Villak

Mikel Buruaga 2019ko abe. 10a, 16:49

Rodolfo Martin Villak bihar epaitegian zuen hitzordua 2020ko martxoaren 20ra atzeratu da. "Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak" exijitu ditu Martin Villa Epaitu egitasmoak Martxoak 3 plazan.

Argentinako kereilaren barruan, bihar, abenduak 11, Buenos Airesko epaitegian hitzordua zuen Rodolfo Marin Villak, gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita.

Gaur ospatzen den Giza Eskubideen Eguna "Inpunitatearen Eguna" izaten jarraitzen duela salatu du Martin Villa Epaitu herri ekimenak, Gasteizko Martxoak 3 plazan. Izan ere, azkenean, 2020ko martxoaren 20an izango da Martin Villaren agerraldia Servini epailearen aurrean, Argentinak Madrilen duen enbaxadan.

"Espainiako zigorgabetasun ereduaren erakusle gorenetako bat" bezala definitu dute 70. hamarkadako bigarren erdian Sindikatu Harremanak, Gobernazio eta Barne ministro izandakoa.

 

Martin Villa epaitu kanpaina

2019ko urtarrilean aurkeztu zuten Espainiako estatuko 30 talde memorialistek Martin Villa epaitu! kanpaina. Tartean, Martxoak 3 Elkartea eta Euskal Herriko beste hainbat elkarte daude. Besteak beste, bideo baten bitartez aztertu zuten Rodolfo Martin Villaren ibilbide kriminala.

Gaurko agerraldian, bere agintepean poliziak eragindako heriotzetan ministro gisa izan zuen "paper garrantzitsua" gogoratu dute. 1976ko martxoaren 3a Gasteizen, 1977ko maiatzaren II. Amnistiaren Aldeko Astea Euskal Herrian, 1978ko Sanferminak Iruñean, Bartzelonako Scala kasua edota Madrilgo Aste Beltza ekarri dituzte gogora.

Horrez gain, Malagan, Tenerifen, Alacanten eta beste hainbat lekutan izandako kasuak ere "erabateko inpunitatean" jarraitzen dutela salatu dute. 1975 eta 1979 urteen bitartean, 90 hildako baino gehiago eragin zituen errepresio polizialak eta parapolizialak.

Ministro ohi frankistaren justiziaren aurreko agerraldiaren atzerapena kanpaina indartzeko eta gizateriaren aurkako krimenengatik "auzipetu, epaitu eta kondenatu" dezaten lortzeko "aukera bikaina" dela ziurtatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago