Hala erabaki du Argentinako Arlo Kriminal eta Korrekzionaleko Epaitegiko epaileak, Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilari Laguntzeko Estatuko Koordinakundeari (CEAQUA) jakinarazitako ebazpen batean.
Ministro ohi frankistak Argentinako enbaxadatik edo Argentinak Espainian duen ordezkaritza kontsular batetik deklaratu beharko du hilabete barru, datorren irailaren 3an. Besteak beste, Martin Villak Gasteizko Martxoaren 3ko edo 78. urteko Sanferminetako sarraskietan duen erantzukizuna ikertuko du Servinik.
CEAQUAk "egintza prozesala azkenean egin ahal izatea" espero du, adierazpen hori "galarazteko hainbat saiakeraren ondoren". Halaber, koordinakundeak gogorarazi du Martin Villari "gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan larriagotutako homizidioa" egotzi diotela gogorarazi du.
"Espero dugu Martin Villak, behin eta berriz adierazi duen bezala, bere betebeharra betetzea eta adierazitako egunean deklaratzera joatea; izan ere, hori gertatzen denean, hura auzipetzea bidezkoa den ebatzi ahal izango du Maria Servini epaileak", azaldu du CEAQUAk.
Argentinako kereila
Maria Servini epaileak 2014an eman zuen Rodolfo Martin Villa atxilotzeko agindua, Frankismoaren Krimenen Aurkako Argentinako Kereilaren barruan. Orduz geroztik, Francoren diktaduran goi-kargudun izandakoak hainbat galdeketa saiakera eta nazioarteko atxilotze agindu ekidin ditu.
2015ean, Espainian galdekatuko zuela iragarri zuen Servinik, baina Mariano Rajoyk zuzentzen zuen Ministroen Kontseiluak Argentinako Kereilaren aurkako boikota berretsi zuen.
Ondoren, 2016an, epaileak erreguzko lehen eskaera egin zuen, nazioarteko laguntza judiziala eskatzeko. Martin Villa Espainiako auzitegietara deitu zuen, baina Espainiak prozesua atzeratu egin zuen, Argentinak auzipetuei egingo zizkien galderak eskatzeko. Espainiako justiziak ez zuen laguntzarik eman.
Handik gutxira, Martin Villak Argentinan deklaratzeko aukera lortu zuen, atxilotua izateko arriskurik gabe. Argentinako Ganbera Kriminal eta Korrekzional Federalak helegitea onartu zuen: bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua baliogabetu zuen, eta inputazioa berrikustera behartu zuen Servini.
2018ko urrian, Espainiako Auzitegi Nazionalak errefusatu egin zuen Argentinak ministro frankista ohiari deklarazioa hartzea. Jose de la Mata epaileak argudiatu zuen, besteak beste, Espainiako legediaren arabera delituak preskribatuta egongo liratekeela eta Amnistiaren Legea urratuko litzatekeela. Hala ere, Martin Villak berak ez du inoiz halakorik eskatu.
2019ko martxoaren 28an, Servinik ikerketa-deklarazioa hartzea eskatu zuen berriz ere. 2020ko otsailean izan zen azken saiakera: epaileak Espainiara bidaiatu nahi zuen martxoaren 20an Rodolfo Martin Villari deklarazioa hartzeko. Argentinak Madrilen duen enbaxadan izan behar zen hitzordua, baina atzeratu egin zen.
Oraingoz, irailaren 3ra arte behintzat, ministro ohi frankistak ez du inoiz azalpenik eman epaitegi baten aurrean, gizateriaren aurkako ustezko krimenetan parte hartzeagatik.