Euskaraldia 2020

Era guztietako entitateak ari dira euskaraz aritzeko guneak antolatzen Euskaraldirako

Erredakzioa 2020ko eka. 16a, 18:00

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta ariguneak sortzeko epea irailaren 27an amaituko da. Donostiako Tabakaleran bildu dira Eusko Jaurlaritzako eta zenbait enpresa handietako ordezkariak.

Milaka dira jadanik Euskal Herri osoan euskararen erabilera ardatz duen Euskaraldia ariketa sozialerako aktibatzen ari diren ariguneak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren edizioaren berrikuntza nabarmenetakoa da ariguneena, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena. Izan ere, lehen edizioan hiztunen arteko harremanetan oinarritutako ariketa sozialari talde babestuetan egiten den ariketa gehitu zaio aurten.

Agerraldian deia egin zaie Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei, euskaraz aritzeko aukera egongo den guneak sortu ditzaketen aztertu, ariguneak osatu, saretu eta gune horiek babestu ditzaten. Jadanik sektore, tamaina eta izaera oso anitzetako erakundeek ekimenarekin bat egin dutela eta euskaraz aritzeko guneen mapa zabala osatzen ari dela azpimarratu dute antolatzaileek. Ehunka zentrotan milaka arigune sortuta eta izena emanda daude jadanik.

Bideoa: AIURRI

Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27ra arte irekita egongo dela azaldu dute prentsaurrekoan.

Ariguneak osatzen hasi diren hiru erakundetako ordezkariak eta Euskaraldiaren antolaketan eta koordinazioan ari diren beste hainbeste entitatetakoak bildu dira gaur, ekainak 16, Donostiako Tabakaleran izandako ekitaldian: Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea,  Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna, Jabier Otermin Super Amara Bera Bera kirol klubeko komunikazio arduraduna, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko burua, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topagunearen presidentea, eta Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illaro.

Euskaraldian entitateek euskararen erabilera sustatzeko urrats praktikoak emango dituztela azaldu du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, eta urrats horiek garrantzi kualitatibo handia dutela azpimarratu du: "Euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen dielako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan-munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat egiten dutelako, eta euskararen biziberritze prozesuari hauspoa ematen diotelako".

Era berean, koronabirusaren krisiak sortutako egoeran sareak sortu eta elkar babesteko beharra areagotu dela nabarmendu du Amonarrizek: "Euskararen inguruan osatutako sare honek biak eskainiko ditu: gertutasuna eta babes soziala. Horregatik uste dugu Euskaraldiak berriro ere ekarpen handi bat egin diezaiekela bai euskal gizarteari eta baita ekimenean parte hartuko duten pertsona eta entitateei ere, euskararen erabileraren aldeko sare handi bat eratuz".

Ildo beretik aipatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendari Estibaliz Alkortak impasse garai honetan ikusi ahal izan dela "oraindik ere bide luzea dagoela denon hizkuntza eskubideak errespetatu eta gizarte berdinzaleagoa lortzeko, tokikotasunetik eta errespetutik abiatuta". Erakunde publikoak ere horren jakitun izanik, oraindik egiteko asko dagoela azaldu du. "Uste dugu ariguneek epe labur eta ertainean garrantzitsua izango den ekarpen bat egingo digutela. Belarriprest eta ahobizi rolak bezala, geratzeko etorri direla uste dugu".

Ehunka entitate, beste hainbeste errealitate

Orain arte izena eman duten erakundeen artean, batzuei aurretik lantzen ari diren ibilbideari jarraipena emateko aukera ona eskaini die Euskaraldiak, lehendik martxan zituzten euskara planen osagarri delako proposamena. Beste hainbatek, aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko espazio berriak sortu eta babesteko aukera ikusi dute.

Euskara enpresa gisa identifikatzen dituen konpromisoa dela azaldu du Xabier Iturbe Euskalteleko zuzendariak: "Telekomunikazio-operadore gisa hasi ginenetik, euskara enpresa barruan nahiz kanpoan bultzatzeko konpromisoa hartu dugu. Orain dela 17 urte enpresa barruan euskararen trebakuntza eta haren erabilera bultzatzeko zenbait ekimen dituen Euskara Plan bat sustatzen dugu urtero. Horren baitan, Euskaraldiaren lehenengo edizioan erakunde sustatzailea izan ginen moduan, aurtengo bigarren edizioari begira ariguneak identifikatzeko lanean murgilduta gabiltza. Horrela, joan den apirilean beroketa moduan hartu genuen EtxealditikEuskaraldira ekimena Euskalteleko ahobizi eta belarriprest guztiok".

Fagor taldean ere 20 urte baino gehiago ari dira euskararen garapena eta iraunkortasuna bultzatuz eta egun Euskal Herriko lantegietan dituzten 5.000 langiletatik %80k baino gehiagok euskararen ulermena bermatua duela azpimarratu du Leire Okarantzak, Gestio Sozialeko arduradunak: "Gizarte erantzukizunez jardunez lortu dugu hau guztia, kooperatiben irabazien zati bat langileen arteko harreman orekatuagoak bultzatzeko inbertituz eta elkarbizitza linguistikoa, langileen arteko kohesioa eta motibazioa sustatuz. Norbanakoak ez ezik erakundeari ere hizkuntza hautua egitea dagokio eta lan eremuan euskarari komunikaziorako funtzio propioak aitortzea". Euskaraldiak elkarlanean aritzeko aukera ematen duela azpimarratuz, Fagorren "ilusioz" daudela azaldu du Okarantzak.

Super Amara Bera Bera kirol klubeko ordezkari Jabier Oterminek ere taldeak barne zein kanpo ariguneak sortu eta Euskaraldian parte hartuko duela adierazi du, kirol talde modura lantzen dituzten baloreekin bat egiten duelako: "Kirolak beti kirolari ematen dio lehentasuna, eta, horregatik, arreta jartzea beharrezkoa da; izan ere, kirolak balore ugari zabaltzen ditu: elkartasuna, kemena, adorea, erantzukizuna, lidergoa, talde-lana... eta Bera Beran euskarari ere behar duen garrantzia eman behar diogu, kirolak ere harremanak sustatzen dituelako eta Euskal Herriko erreferentziako taldea garelako". 

Herri batzordeak lanean

Herrien izen-emate aldia ere martxan dagoela gogora ekarri du Arrate Illaro koordinatzaileak: ekainaren 27ra arte dago zabalik epea. 2018an egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko 405 udalerritan batzordeak martxan izan zirela gogoratuz, aurtengo izen-ematea ere martxa onean doala azaldu du.

Covid-19ak eragin nabarmena izan duela azaldu du Illarok. Izan ere, batzordeak martxan hasita eta entitateekin lanean hasita zeudela heldu zen alarma egoera, eta horrek plangintzetan eragin du zuzen-zuzenean, egoera berrira egokitu behar izan dutelako. Baina koordinazio taldetik eta herrietako batzordeetatik lanean jarraitu dute hilabete guztietan, eta, horregatik, Euskaraldia aurreikusitako datetan egingo dela berretsi dute antolatzaileek, batzorde asko sendo ari direlako lanean, eta entitate askok aurretik hasitako dinamikari eutsi eta ariguneak sortzen jarraitu dutelako.

Irailean abiatuko da ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia, eta ordurako herrietako batzordeak buru-belarri izango dira Euskaraldiaren bigarren edizioaren eragina handia izan dadin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago