Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte izango da aurtengo Euskaraldia, eta asteazkenean Gasteizko Euskaraldian ariguneak sortzeko abiapuntu izango diren hamazazpi entitateak aurkeztu ziren Oihaneder Euskararen Etxean. Bertan egon ziren, besteak beste, Euskaraldia Gasteizko koordinatzaile Josu Pedruzo eta aurkeztutako entitateen bozeramaile Olatz Agorria.
Euskaraldia Gasteizek entitateak arigune bilakatzeko prozesuaren nondik norakoak eman ditu bideo honetan. Bertan Josu Pedruzok azaltzen duenez, asteazkenean aurkeztutako egitasmoak "entitateen barruan euskararekiko prozesuak garatzeko balio dezake, eta baita prozesu berriak hasteko ere".
Orona Electra Vitoria enpresako langile eta entitateen bozeramaile Olatz Agorriaren hitzetan: "Aspalditik gabiltza euskalduntze prozesuan pausoak ematen, eta hau beste pauso bat izango da, pauso naturala". Azaldu duenez, oraingoan entitateek izango dute ardura "euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu ahal izateko baldintzak sortzeko".
Agorriak oraindik batu ez diren entitateak ere gonbidatu nahi izan ditu edizio berri honetan parte hartzera. Izan ere, entitate berriak prozesura batzen joateko aukera zabalik dago: "Gaur aurkeztu diren entitateak erreferente izan daitezke beste entitate batzuk azterketa hau hasteko, eta Euskaraldian parte hartzeko entitate bezala", azaldu du Pedruzok.
Gasteizko Udala, Orona Electra Vitoria, Artepan, Suministros Uriarte, Habilitas Educacion, Tuvisa, Vital Fundazioa, Hazi Fundazioa, Pez Limbo Creaciones, SETEM Hego Haizea, Talur Elkartea, Emaize sexologia zentroa, Aldarte Elkartea, Arabako Euskal Pilota Elkartea, Mara Mara liburu denda, Eden taberna eta Gaztedi Rugby Taldea dira, momentuz, 2020ko Euskaraldian ariguneak sortzeko konpromisoa hartu duten hamazazpi entitateak.