Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaur eguerdian egindako agerraldian azaldu du Espainiako Gobernuak ez dituela "eragozpen juridikoak" argitu; hortaz, aurrez aurreko eskoletara itzultzeko asmoa astebete atzeratzea erabaki du oraingoan Eusko Jaurlaritzak. Hezkutza sailburu Cristina Uriartek erabakiaren berri eman die ikastetxeei, gutun baten bitartez.
Izan ere, Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok atzo adierazi zuen eskolak ezin direla lehenengo fasean ireki. Horrekin batera, sindikatuen, ikastetxeen eta hezkuntza komunitatearen arbuioa jaso du Eusko Jaurlaritzaren proposamenak azken egunetan.
Oraindik ere, Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzaren esku utzi du erabakia, eta Josu Erkorekak azaldu duenez, maiatzaren 25etik aurrera "dinamika guztia" hasiko litzateke; askoz gehiago ere ez du argitu.
"Gure osasunarekin ez jolastu"
"Aurreko astean: maiatzaren 18an ikastetxe batzuk irekiko dira. Aste honetan: maiatzaren 18an zuzendaritzek erabakiko dute ireki ala ez. Gaur: irekiera maiatzaren 25era atzeratzen da. Bihar? Batek daki", adierazi du STEILAS sindikatuak.
Datari garrantzia kendu dio hezkuntza sindikatuak, eta "segurtasuna eta osasuna bermatzen dituen plangintza eta neurriak hezkuntza komunitate osoarekin adostea" garrantzitsuagoa dela ohartarazi dio Jaurlaritzari.
Halaber, STEILASek gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera: "Gure osasunarekin ez jolastu. Hezkuntza komunitatea inprobisazioekin aztoratu beharrean eskertuko genuke lehendabizi osasuna ziurtatzeko baldintzak gurekin adostea eta ondoren zehaztea data".