Koronabirusa

Hezkuntza Sailak ikastetxeen esku utzi nahi du klasera itzultzeari buruzko erabakia

Erredakzioa 2020ko mai. 12a, 08:46

Eusko Jaurlaritzak atzera egin du eta ikastetxe bakoitzak erabakiko du. / Santiago Gonzalez

Hezkuntza Sailak lehen bilera egin zuen atzo hezkuntza arloko eragileekin, ikasgeletara itzultzeko plana adosteko. Cristina Uriartek zuzendariei eskaini die erabakitzea zein ikasle itzuliko diren aurrez aurreko eskoletara.

Batxilergoan, LHn eta DBHko laugarren mailan ikasturtea online amaitzeko aukera izango dute; eta ikastetxe bakoitzak aukeratu ahal izango du errefortzua behar dutenak bakarrik edo ikasle guztiak itzultzea.

Izan ere, Hezkuntza Sailak joan den astean aurkeztu zuen planak sindikatuen, ikasleen, institutu publikoen eta itunpeko eskoletako komunitatearen gaitzespenarekin egin du topo azken egunetan.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako programak Batxilergoko, LHko eta DBHko laugarren mailako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzea proposatzen du, bi txandatan: maiatzaren 18an eta 25ean.

Hezkuntza Sailburuak bere hasierako proposamena zehaztu zuen atzoko bileran, eta zuzendariei erabakia ikastetxeen esku uztea eskaini zien. Hala ere, astelehenetik aurrera eskoletara itzultzen diren irakasle eta ikasleei babes ekipamenduaz -maskarak eta hidrogelak, besteak beste- hornituko die Hezkuntza Sailak.

Administrazioak, halaber, protokolo bat helaraziko die, osasun arloko neurri zehatzekin, eta baita zentroko espazioak antolatzeko irizpideekin. Gainera, jarraipen batzordeak martxan jarriko dira institutuetan sortzen diren beharrei erantzuteko.

Datozen egunetan sindikatuekin eta itunpeko sarearekin harremanetan egongo da sailburua, dena zehaztuko duen agindua argitaratu baino lehen.

Sindikatuen arbuioa

Bitartean, STEILAS, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak klasera itzultzearen aurka agertu dira, langileen "osasuna eta segurtasuna" bermatu eta langileekin baldintzak negoziatu arte. Ikasgeletara itzultzera behartuz gero, plantoak iragarri dituzte astelehenerako.

Halaber, uko egin diote erabakia ikastetxeen esku uzteari, eta zuzendaritzei Hezkuntza Sailaren proposamena baztertzeko eskatu diete. Sindikatuen aburuz, ikastetxeek ez dute "gaitasunik" ezta "baliabiderik" ere langileak eta ikasleak babesteko neurriak ezartzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago