Koronabirusa

Maiatzaren 18tik aurrera klasera itzultzeko plana aurkeztu du Hezkuntza Sailak

Erredakzioa 2020ko mai. 7a, 14:04

Ekialdea BHI institutua, Gasteizen. / @Edu_FdP

Batxilergoko 2. mailako ikasle eta irakasleak, goi-mailako Lanbide Heziketan matrikulatutako guztiak eta erdi-mailako LHko 2. mailakoak maiatzaren 18an itzuliko dira ikasgeletara.

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, astebete beranduago, maiatzaren 25ean, Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta erdi-mailako zein oinarrizko Lanbide Heziketako gainontzeko klaseak ere itzuliko dira.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azpimarratu du neurria ez dela "borondatezkoa", eta derrigorrezkoa izango dela ikastetxeetan maskarak erabiltzea. Mahaien arteko segurtasun-tarteak mantenduko dira eta "lanaldi intentsiboan" hasiko dira, jantoki-zerbitzurik eta eskola-garraiorik gabe.

Bestelako segurtasun neurrien artean, sarrera eta amaiera ordutegiak mailakatuko dira; patio-orduak txandaka egingo dira; irteera eta sarrera puntu ezberdinak ezarriko dira, ibilbideak norabide bakarrekoak izan daitezen.

14 urtetik behera

14 urtetik beherako ikasleak ez dira ikastetxeetara itzuliko eta ikasturtea online amaitu beharko dute. Eta haur eskolak maiatzaren amaieratik edo ekainetik aurrera ireki ahal izango dira, funtsezko lanak egin edo mendeko pertsonak zaindu behar dituzten gurasoei erraztasunak emateko.

Sailburuak zehaztu duenez, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko gainerako ikasleak ez itzultzea erabaki dute, higiene arauak bermatzea zailagoa delako.

Hezkuntza Ministerioarekin kontraesanak

Ikasleak eta irakasleak lanera itzultzeko Eusko Jaurlaritzaren planak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren oniritzia du, eta ikastetxeetan aplikatu beharreko segurtasun-neurri ugari jaso ditu. Hala ere, EAEko probintziak maiatzaren 11n 1. fasera igaroko diren ere ez dakigu oraindik.

Hala ere, plana ez dator bat Espainiako Hezkuntza Ministerioaren neurri orokorrekin; izan ere, azken honek urte akademikoa modu telematikoan amaitzea planteatzen zuen, kontziliaziorako zein errefortzurako proposatutako hainbat salbuespenekin.

1. fasean ikastetxeek "desinfektatzeko", "egokitzeko" eta "prestatzeko" ireki ahal izango zutela aurreratu zuen Espainiako Gobernuak; eta 2. fasean aurreikusitako jarduera "borondatezkoa" izatekoa zen. Gainera, irailean 2020-2021 ikasturtea normaltasunez hasteko zalantzak ere bazituen Espainiako Gobernuak.

Plantorako deia

"Osasuna eta segurtasuna bermatu ezean" plantorako deia egin die LABek langileei eta familiei, eta erabakia prebentzio planik adostu gabe iragarri dela salatu du sindikatu abertzaleak, eta, besteak beste, Norbera Babesteko Ekipamenduen (NBE) hornidura exijitu du.

Hezkuntza Sailarenak diren lan karga zein ardura ugari "zuzendaritzen bizkarrean" jarri izana ere kritikatu du sindikatuak, eta langileen ohiko jarduera "berehala" berreskuratzea ezinezkoa dela uste du. "Era mailakatuan izan behar da; itzulera atzeratu eta telelanean jarraitu beharko lukete", kritikatu du.

Halaber, 15 ikasleko ratioari dagokionez, irakasleen lan gainkargaz ohartarazi du: "Irakasle baten esku ezin da egon bi gela kudeatu eta teleikaskuntzan dituen gainerako ikasleei arreta egitea". Ratioak jaistea denboran mantendu eta sistematizatu behar dela aldarrikatu du LAB sindikatuak, "hezkuntzaren kalitatearen mesedetan".

"Negoziatu gabeko plana"

Bestalde, ELA sindikatuak salatu du Hezkuntza sailburuak "negoziatu eta elkarbanatu gabeko plana" eraman duela hezkuntza eragileekin izandako bilerara.

Segurtasun neurrietan "zehaztasun gabeziak" daudela ohartarazi dute, eta "funtsezko" neurri batzuk aipatu dituzte: besteak beste, tenperatura hartzea edota ikastetxeen desinfekzioa.

Horrez gain, plana ikasturte amaierara mugatzen dela eta datorren ikasturterako aurreikuspenik gabe jarraitzen dutela salatu du ELAk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago