Araban 71 kasu positibo gehiago antzeman dituzte azken 24 ordutan. Epidemiak oraindik goia jo ez duela dio Osakidetzak, baina itxaropen zantzuak ere badaudela azaldu du: EAEn 14 lagun sendatu dira pandemia hasi zenetik. Duela hemeretzi egun, otsailaren 28an, antzeman zen lehenengo kasua Gasteizen.
Gure lurraldean 1.000 biztanleko 1,67ko kutsatze tasa dago momentu honetan, konfinatuta eta proba egiteko aukerarik gabe dauden kasu susmagarri ugari kontuan hartu gabe.
Konfinamenduaren ondorioak ere nabaritzen ari dira herrialdean. Kaleak hutsik eta herritarrak etxean, lanean edo zaintzan, alarma egoera noiz arte luzatuko den jakin gabe. Ertzaintzak gogorarazi du konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar dela, eta tokiko udaltzaingoekin batera garraio partikularra eta kolektiboa kontrolatuko ditu, "baimendu gabeko joan-etorriak eragozteko".
Gasteizen kasuan, adibidez, Udaltzaingoak hamabi lagun salatu ditu dagoeneko, kalean justifikaziorik gabe egotea egotzita. Zazpi pertsona bide publikoan oinez zebiltzan "justifikaziorik gabe", eta beste bost autoan ari ziren bidaiatzen. Soilik asteartean, Gasteizko udaltzainek Covid-19arekin lotutako 60 esku hartze baino gehiago egin zituzten, eta 273 ibilgailu ikuskatu zituzten guztira.
Koronabirusaren pandemiak Araban eragindako ondorioen jarraipen zabala egiten ari gara ALEAn, eta ondorengo lerroetan, azken egunetan hartutako neurrien birpasoa egingo dugu.
Txagorritxuren kolapsoa saihesteko neurriak
Gasteizko Txagorritxu ospitalearen kolapsoa saihesteko neurriak martxan jarri dira; izan ere, Arabako Unibertsitate Ospitaleak 480 ohe ditu, eta bi aste barru bere ahalmena gainezkatzen hasiko dela aurreikusten da. Momentu honetan, Txagorritxuko zazpi solairuetatik seitan kokatu dituzte koronabirusak kutsatutako pazienteak.
Alde batetik, Santiago ospitaleko oheak prestatu dituzte kutsatutako pazienteak bertan ere ospitaleratzeko; eta Lakuabizkarra, Zabalgana eta Salburuko osasun zentroetan arnasketa-medikuntzako eremu bereziak prestatu dira.
Bestetik, Vithas San Jose klinika pribatuak kutsatu gabeko pazienteak hartuko ditu bere gain, sare publikoari laguntzeko. Gainera, kanpainako ospitale bat irekitzea aztertzen ari da Espainiako Armada.
Hezkuntza zentroen itxiera mugagabea
Hezkuntza Sailak eskolen itxiera "beste abisu bat eman arte" luzatu du, hasieran aurrez aurreko eskolak hamalau egunez etengo zirela adierazi zuen arren. Hala, Arabako 60.000 ikasle inguru klasera joan gabe egongo dira oraingoz, itzultzeko data zehatzik gabe.
Zirkular bat igorri die ikastetxe guztiei, epidemiaren hedatzearen aurrean hartutako erabakiaren berri emateko. Oharrean, ikastetxeei adierazitako gidalerroek indarrean jarraitzen dutela ziurtatu du Cristina Uriarte sailburuak.
Gasteizko Udalaren neurriak
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere, kalera irteteko debekua gogoraraztearekin batera, neurri ekonomiko eta sozial berriak aurkeztu ditu azken egunetan, pandemiaren ondorioak arintzeko asmoz:
- Lehenik eta behin, irailaren 15era atzeratu egingo da hiru zerga nagusiak ordaintzeko epea: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ-IBI), ibilgailuen zerga eta zabor-tasa.
- Herritarrek sortutako ekimenen ildotik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Elkartasun Antolatuko Sareak bideratuko du boluntarioen beharra eta eskaintza EAEko udal guztietan.
- Bestalde, kalean bizitegi-bazterketa egoeran bizi diren pertsonak Pio Baroja ikastetxean egokitutako iragaitzazko migratzaileentzako zentrora eramango dira. Horrez gain, Aterpeko erabiltzaileak berrantolatu dituzte, eta horietako batzuk Arkupeetako egoitzara bideratu ditu Udalak.
- Adinekoentzako zentro soziokulturaletan jantoki zerbitzua eten da, baina egoera zaurgarrian dauden 100 pertsonen kasuak antzeman dituzte, eta horiei Gurutze Gorriak eramango die janaria etxera.
- TAO zerbitzua eten da, besterik esan arte.
- Santa Barbara plazako azokari eustea erabaki du Udalak, Lakuako eta Simon Bolibar plazako azokak eten diren bitartean.
Gainera, asteazkenean iragarri duen bezala, Udalak ez die udal lonjen alokairua kobratuko denda eta enpresa txikiei, koronabirusaren ondorioz jarduera etenda duten bitartean. "Gasteizko Udala erabakitasun osoz ari da lanean osasun krisi honi aurre egiteko, eta gure ekonomian izango duen eragina ahal den neurrian arintzeko", adierazi du alkateak.
Aldundiaren neurri fiskalak
Arabako Foru Aldundiak enpresen eta langileen likidezia errazteko premiazko neurri fiskalak iragarri zituen asteartean. Halaber, etxez etxeko laguntza indartzeko Etxean Zurekin programa abiatu du.
Indarkeria matxista
Emakundek gogorarazi du indarkeria matxistaren biktimei premiazko arreta emateko baliabide eta zerbitzu guztiek martxan jarraitzen dutela EAEn.
Bide telematikoak indartu dituzte, zenbait zerbitzu aurrez aurre eskaini ezin direlako. Hala ere, larrialdi baliabideak eta zerbitzuak mantentzen dira; horien artean, biktimei premiazko arreta eta harrera emateko zerbitzuak. Zerbitzu horietan segurtasun eta higiene neurri egokiak hartu direla azaldu du Emakundek.
Besteak beste, biktimak artatzeko 24 orduko telefono zerbitzua aktibo dago, 900 84 01 11 zenbakian. "Bizi dugun alarma-egoera komunitario honetan ere, funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa", adierazi du Emakundek.
Arabako Errioxa
Bizilagunei etxez etxeko hornidura zerbitzu bat eskainiko die Arabako Errioxako Kuadrillak, oinarrizko eta beharrezko produktu erosiak hornitzeko. Zerbitzu hori emateko, hitzarmen bat sinatu du Erosle Laguardiarekin.
Zerbitzua jaso ahal izateko ezinbestekoa da onuradunek bizilekutik ezin ateratzea, koronabirusa diagnostikatuta izateagatik edo osasun krisiaren ondorioz berrogeialdian egoteagatik; gainera, onuradunek Arabako Errioxako muga geografikoan bizi behar dute. Kuadrillak garraioaren kostua bere gain hartuko badu ere, erabiltzaileak bere gain hartu beharko du produktuen kostua.
Prestazioa jasotzeko, 640 308 778 telefonoa aktibatu dute, eta astelehenetik larunbatera egongo da erabilgarri, 09:00etatik 14:00etara.
Halaber, Kuadrillak hitzarmen bat sinatu du Guardian lizentzia duen taxilari batekin, Arabako Errioxako biztanleei oinarrizko eta beharrezko botiken zerbitzua bermatzeko. 684 20 06 59 telefonoaren bitartez kudeatuko den zerbitzua egunero izango da erabilgarri, baita jaiegunetan ere, 11:00etatik 16:00etara.
Aramaio
Aramaioko Udalak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu bertan behera geratzea eragin du alarma egoerak, eta beste batzuk mugatu egin dira: pertsonen zirkulazioa, kotxeen zirkulazioa eta baita autobus zerbitzua ere. Eten diren zerbitzuak iragarri ditu Udalak:
- Ekintza komertziala, aisialdi eta ekipamendu kulturalak, ostalaritza eta bestelakoak.
- Udal ikastaro, jardunaldi eta ekintza guztiak.
- Auzi tramite eta tramite administratibo guztien epeak (zergak barne) etenda geratzen dira alarma egoera bukatu arte.
- Udal eraikin guztiak itxita daude.
- Jendaurreko arreta bide telematikoen bidez egingo da, 945 44 50 16 telefonoaren edo udala@aramaio.eus helbide elektronikoaren bitartez.
Beste udalerri askotan bezala, adinekoei eta mendekotasun egoeran daudenei zerbitzua emango die Aramaioko Udalak. Zerbitzua eskatzeko edo boluntario gisa apuntatzeko 649 995 751 telefonoa aktibatu du.
Trebiñu
Trebiñuko Udalak behar duten pertsonei laguntza eskainiko die erosketak egiteko edo farmaziara joateko. Boluntario gisa laguntzeko prest dauden lagunei dei egin die 945 36 06 29 telefonora deitzeko, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era.
Gainera, Auzolana Trebiñu izeneko whatsapp talde bat sortu dute, boluntariotza antolatzeko.

