Koronabirusa

Enpresen eta langileen likidezia errazteko premiazko neurri fiskalak iragarri ditu Aldundiak

Erredakzioa 2020ko mar. 17a, 12:45

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak streaming bidez egin du agerraldia. / AFA

Premiazko neurri fiskalen lehen sorta onetsi du, osasun krisiak eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko. Besteak beste, PFEZaren ordainketa zatikatuak bertan behera utziko ditu, eta Rentafacileko epeak mantenduko ditu familientzat.

Arabako Foru Aldundiak premiazko zerga neurrien lehenengo sorta bat martxan jarriko du, Covid-19ak eragindako osasun krisiak gehien eragindako zergadunen kalte ekonomikoak murrizteko. Arabako enpresen eta langileen likidezia erraztu nahi du Aldundiak, eta neurriak asteazkenean onartuko dituzte ezohiko gobernu kontseiluan.

Besteak beste, enpresariei eta autonomoei likidezia errazteko neurri fiskalak aurkeztu ditu Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. PFEZaren lehen eta bigarren hiruhilekoen ordainketa zatikatuak bertan behera utziko dituela iragarri du Aldundiak. Gainera, atzerapenak eta zatiketak emango ditu Arabako Ogasunak, berandutze interesik gabe eta baldintza malguetan. Eta enpresei BEZaren itzulketak eta hornitzaileei egin beharreko ordainketak arinduko dizkie.

Bestalde, Arabako familientzako neurriak ere aurkeztu ditu Aldundiak: aurrez aurreko Errentaren Kanpaina irailera atzeratuko bada ere, Rentafacileko epeak mantenduko ditu. Modu honetan, aitorpen negatiboak dituztenek 48 ordutan kobratu ahal izango dute; eta aitorpen positiboak dituztenek, ordea, azarora arte ez dute Ogasunari ordaindu beharko.

"Aldundiak, ordaindu behar badu, lehenago ordainduko du. Eta, kobratu behar badu, beranduago kobratuko du", ziurtatu du Ramiro Gonzalezek, streaming bidez egindako agerraldian.

Prudentzio Deuna, kolokan

2020ko San Prudentzio jaiak bertan behera uztea "benetako aukera" bat dela adierazi du ahaldun nagusiak. Krisiaren bilakaeraren arabera zehaztuko da gisa honetako ospakizunak bertan behera gelditzen ote diren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago