Larrialdietako Unitate Militarreko (UME), Lurreko Armadako eta Itsas Infanteriako militarrek Gasteizen egin zuten hedapenaren harira, Armada Araban kanpainako ospitale bat irekitzeko asmoa aztertzen ari dela jakinarazi du Margarita Robles Defentsa ministrariak. Horregatik, hain zuzen ere, aritu ziren militarrak desinfekzio lanak egiten eta hori burutzen irakasten, atzo Arakako basean.
Era berean, militarrak Espainian beharrezko direnen tokietara iritsiko direla adierazi du ministrariak, eta "leku bateko edo besteko bereizketarik ez dela egiten" nabarmendu du. "Premiazkoa den tokietara joango gara; hau ez da ez erkidego ez lurralde-arazoa, baizik eta pertsona-arazoa".
Zaragozara buelta
Gaur bertan itzuli da Larrialdietako Unitate Militarra (UME) Zaragozan duen egoitzara, Arakan agertu eta egun bat pasa ostean. Loiuko aireportuko eremu komunetan desinfekzio lanak egitea zuten aurreikusita, baina lanak bertan behera utzi behar izan dituzte azkenengo momentuan, eta goizeko lehen orduan Zaragozako basera bueltatu dira; hala ere, Espainiako beste tokietara mugitzen jarraituko dute, bere eginkizunekin jarraitzeko.