Koronabirusa

Hartutako neurrien berri emateko Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia

Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 12:46

Iñigo Urkullu lehendakariak aholkularitza batzordean hartutako neurrien berri emateko agerraldia egingo du. 12:00etan aurreikusita zegoen, baina azken mezuek 13:00etara atzeratuko dela adierazi dute.

Hamahiru hildako Araban

Larunbateko azken datu ofizialen arabera, Covid-19 birusak kutsatutako 360 pertsona daude Araban dagoeneko, ostiralean baino 50 gehiago; horietako 153 ospitalean daude. Hamahiru arabar hil dira orain arte koronabirusak kutsatuta, eta osasun krisialdi larria bizi du herrialdeak.

Arabak Europako kutsatze tasarik altuena du (0,95) momentu honetan, Madrilgo edo Lombardiako tasak baino handiagoa. Ostiralean, osasun larrialdi egoera ezarri du Eusko Jaurlaritzak, eta gaurtik aurrera, alarma egoera bizi du Espainiako Estatuak.

Bastidan eta Gasteizen ikastetxeak itxi ziren astelehenean; erabakia Araba osora zabaldu zen gero, eta astean zehar, bertan behera geratu dira ia kultura, kirol eta gizarte jarduera guztiak. Apirilaren 5ean ospatu beharreko hauteskundeak ere zalantzan daude momentu honetan.

Oraindik ez da neurri zehatzik hartu, baina datozen orduetan autoritateen erabakietako bat hiriak konfinatzea izan liteke. Momentu honetan, Europako foku nagusietako bat da Gasteiz, eta hiria ixteko aukera mahai gainean dago, baita buloak ere. Hala ere, oraingoz ez dago balizko neurri honen inguruko informazio ofizialik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago