'Lupus' abizena izateak dakarren madarikazioa

Juanma Gallego 2019ko uzt. 1a, 09:15
Otsoa beti "salbuespena" izan dela salatu dute ekologistek. / UNSPLASH

Otsoa mehatxatutako espezieen katalogoan sartuko du Jaurlaritzak, "interes bereziko" espezie gisa. Euskadiko Otso Taldeak urte askotan zehar eskatu du katalogazioa, baina horretarako epaitegietara jo behar izan dutela salatu dute. Babes gorena eskatu dute otsoarentzat.

Otsoa Euskal Autonomia Erkidegoko espezie mehatxatuen katalogoan sartzeko asmoa du Jaurlaritzak. Hortxe lerroburua. Normalean lerroburu guztien atzean mami asko dagoen arren, kasu honetan bereziki istorio luzea dago atzean. Tartean daude epaitegiak, ekologistak, abeltzainak, bioaniztasunaren ardura duten zerbitzari publikoak edota Arartekoa ere. Istorio honetan falta den bakarra, momentuz, protagonista bera da: Canis lupus.

Gaur egun ez dago otsorik ez Araban ez gainerako Euskadiko Autonomia Erkidegoan, baina bakar batzuk izandakoak dira azken urteetan, eta Burgosko lurraldeetan badira. Ez da kasualitatea mehatxupean egotea: gizakiak aspalditik jazarpena egin dio espezie horri, baina harrigarriena da jazarpen hori oraindik mantentzen dela. Ekologistek salatu dutenez, erakunde publikoek bultzatuta.

"Beste edozein espezie balitz, aspalditik egon beharko zukeen babestuta, baina otsoa beti izan da salbuespena", dio Euskadiko Otso Taldeko Andres Illanak. Gure artean orain otsorik egon ez izana administrazioei leporatu die. "Gaur Euskadin otsorik ez badago, bereziki Bizkaiko eta Arabako diputazioen errua da, ez dutelako onartu otsoa sartzea. Eta baita Jaurlaritzarena". Salatu du gainera Euskal Autonomia Erkidegoan otsoa ez onartzeak Iberiar penintsulako eta Europako populazioen arteko lotura saihestea dakarrela.

Gogor mintzatu da Illana administrazio publikoek otsoaren gaian duten arduragatik. "Ezin daiteke bioaniztasuna berreskuratu nahieran: molestatzen ez duten espezieak bai, baina otsoa ez. Duela 20-30 urte espezie hori ate-joka dugu, gure lurraldean sartu nahian, baina ez diegu utzi sartzen".

Hein handi batean, lehen sektoreko interesekin lotu du kontserbazio politiketan otsoa benetako anomalia bat izatea, baina azpimarratu du ingurumena ezin dela kudeatu sektore batzuen interesen arabera. "Oroitzen duela hamarkada batzuk Euskal Herriko ibaiak nola zeuden? Horiek garbitu behar zirela erabaki zen, eta zorionez ez genituen kudeatu ibaiak paper-fabriken interesen arabera. Itxi behar izan ziren eta kitto. Modu berean, ez dugu CO2 isurien arazoa kudeatuko Asturiasko ikatz-meatzarien interesen arabera". Abeltzainek haien interesak babestea zilegitzat jo du. "Haiek otsorik nahi ez dutela? Ederki, haien iritzia da. Izozki saltzaileek ere nahiko lukete negurik ez egotea". Abeltzainen interesen eta otsoaren presentzia ahalbidetzeko baliabideak badirela babestu du Illanak.

Bat dator taldeko kide Jorge Etxegarai. "Otsoaren presentzia ahalbidetzeko lehen metodoa artzaintza bera da. Orain abeltzainak ditugu, baina ez artzainak; hots, abereak zaintzen dituztenak. Bigarren tresna da abereak gauez biltzea, ez uztea mendian. Hirugarrena, ondo zaindutako eta trebatutako txakurrak erabiltzea".

Kudeaketa egokia

Beste lekuetan izandako esperientziak gogora ekarri dituzte. "Pirinioetan hartzen erasoak saihesteko artaldeak bildu eta artzainak kontratatu dituzte. Hartzak edo otsoak akabatu beharrean, abeltzaintza egiteko modua aldatu dute", azaldu du Etxegaraik. "Alemanian 2000. urtearen bueltan ez zegoen otsorik, eta orain 100 bat talde egongo dira. Babestu dituzte eta kudeaketa egokia egin dute".

Gure artean, berriz, izandako kudeaketa bakarra otsoak akabatzeko uxaldiena izan dela kritikatu dute ekologistek. "Hemen otsoaren gaian egin den inbertsio bakarra 200.000 euro ingurukoa izan zen. Arabako diputazioak eman zuen. Artzainak kontratatzeko? Ez. Ehiztarien elkarte bati eman zioten dirutza hori, otsoak akabatu zitzan", gogoratu du Illanak. Bestetik, lehen sektoreak jasotzen dituen laguntzen barruan teorian jasangarritasun konpromisoak betetzea dakartzala azpimarratu du Etxegaraik. "Askotan lehen sektorearen ikuspegi bukolikoa mantentzen da, baina sektoreak diru-laguntza handiak eskuratzen ditu: Europako Batasunaren aurrekontuaren %40 eramaten du, NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren bitartez. Diru-laguntza horiek publikoak dira, eta hor ikus daiteke abeltzain bakoitzak jasotzen dituen kopuruak. Eta askotan egiaztatu ahal izan dugu kalteak direla eta kexatzen diren abeltzain batzuk dirutza handia jasotzen ari direla".

Otsoen uxaldiak erabili dira sarritan espeziea kudeatzeko. / ASCEL

 

Erasoren bat salatzekotan ere, izandako kalteak ordaintzen zaizkie abeltzainei, baina horren atzean ere mami asko dagoela salatu dute ekologistek. "Iberiar penintsula osoan gehien ordaintzen da Araban". Euskal Autonomia Erkidegoan eraso horien azterketa teknikoa enpresa pribatu batek egiten duela azaldu dute ekologistek, eta perituen ondorioak "deigarritzat" jo dituzte. "Euskadin egiten ziren azterketetan, ia beti argitzen zen norenak ziren erasoak, eta beti leporatzen zioten otsoari. Gaztela eta Leonen egindako azterketen %20-25, adibidez, ezezagunei edo zehaztu gabeko kanidoei leporatzen diete", argitu du Illanak. "Arazoa da azterketa horietan oinarrituta abiatzen zirela otsoa akabatzeko uxaldiak".

Eraso horiek ardura beti otsoei leporatzen bazaie ere, datuek bestelako egoera marrazten dute. Hala jaso zuen Etxegaraik 2003an eta 2004an egindako ikerketa batean. Bi urte horietan Araban 154 eraso salatu ziren, eta, horietatik, %95 otsoei leporatu zieten. Ondorioz, otsoak akabatzeko 27 uxaldi antolatu ziren. Egoera benetan horrelakoa zen ikusteko, ustez otsoarenak ziren 150 inguru gorotz bildu zituzten Araba eta Burgosen arteko mugetan, eta horiei azterketa genetikoa egin zieten. Emaitzak 2010ean argitaratu zituen zientzia-artikulu batean, Animal Conservation aldizkarian. "Laginetatik, heren bat baino ez ziren otsoarenak", azaldu du adituak. Baina genetikak ere aukera ematen du jakiteko zer zen animalia horiek jaten ari zirena, eta hemen ondorioa ere esanguratsua izan zen. "Ikusi genuen otsoek eta txakurrek berdina kontsumitzen zutela, baina proportzio desberdinean. Otsoek lehentasunez basapiztiak kontsumitzen dituzte. Otsoetan ia ardien kontsumorik ez zegoela ikusi genuen, baina txakurretan ardien kopurua bost aldiz handiagoa zen".

Nola da posible hau azaltzea? Etxegaraik argi dauka: "Kalteak txakurrenak badira, ez dira ordaintzen. Kudeaketaren ikuspuntutik, horrek esan nahi du modu subjektiboan otsoak kriminalizatzen ari direla".

Abeltzainak beharrean, mendian artzainak behar direla diote ekologistek

Harrapakari nagusi bezala otsoak ekosistemetan betetzen duen rola nabarmendu dute ekologistek. "Basa ungulatuen populazioen erregulatzaile nagusiena da, eta hoberena gainera. Gizakiak askotan erakutsi du ez dakiela hori kudeatzen. Ikustea besterik ez dago zer gertatu den basurdeekin, ehiza jardun desegoki baten ondorioz", argudiatu du Illanak. Hortaz, harrapakari horri bere lana egiten uzteko eskatu dute.

Egoera horretan, ez litzateke arriskutsua izango gizakiarentzat? "Ez, ez dago eraso hilgarrien daturik", argitu du Etxegaraik."Gainera, ez dago horiek kontrolatzeko beharrik. Beste edozein harrapakari handiek bezala, otsoek beraiek mugatzen dituzte haien populazioak, ekosistemen produktibitatearen arabera. Ezin dira izurrite bihurtu".

Orain Jaurlaritzak Euskadiko Espezie Mehatxatuen katalogoan otsoa sartzeko eskaera aintzat hartzea lortu dutela azaldu dute ekologistek, baina "interes bereziko espezie" gisa. Ekologistek mehatxupeko espezietzat izendatzeko eskatu dute. Katalogazioa lortzeko bide administratiboa eta penala jarraitu behar izan dute. "Lotsagarria da elkarte batek dirua eta denbora gastatu behar izatea legeak dioena bete dadin", kexu mintzo dira. "Jaurlaritzak ofizioz katalogatu beharko zukeen otsoa, baina ez dute egin auzitegietara jo dugun arte". 2012tik, hiru aldiz egin zuten eskaera, erantzunik gabe.  Arartekoarengana jo zuten orduan, eta arrazoia eman zien. Bestetik, administrazioarekiko auzien prozesua abiatu dute. "Orduan mugitu da Jaurlaritza", azaldu du Illanak. "Beldur ziren epai batek ebatziko ote zuen otsoa katalogoan sartu behar zela, goreneko babes mailarekin". Gauzak horrela, afera legegai zirriborro gisa dago orain, baina UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak aurreratu du erabaki horren kontra daudela. Espeziea babesteko borrokak oraindik luze joko duela ematen du. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide