Arabako otso bakarra ehizatzeko baimena eman du Foru Aldundiak

Erredakzioa 2020ko ots. 3a, 13:16

Arabako mendilerroetan dabilen otsoaren irudia. / Argazkia: @Lekuezama

Foru Aldundiak jakinarazi du Gibijo inguruko abeltzainek itxaronaldiak egin ahal izango dituztela 14 egunez, gaur egun Araban dagoen otso bakarra hiltzeko. Ekologistak Martxan taldeak gogor kritikatu du erabakia.

"Biodibertsitatearen aurkako erasoa" ez baimentzeko eskatu zioten duela gutxi Ekologistak Martxan mugimenduak eta Euskadiko Otso Taldeak Arabako ahaldun nagusiari, 105.000 sinaduren babesarekin. Hala ere, Arabako otsoa ehizatzeko baimena ematea erabaki du Aldundiak.

Erabakia azken hilabeteetan abeltzainek egindako kexen harira hartu du Foru Aldundiak; izan ere, otso bikote batek euren animaliengan "kalte ugari" eragin dituela ziurtatu dute. 2019an 200 animalia baino gehiago hil edo zauritu ziren otso bikote horren ustezko erasoaren ondorioz. Momentu honetan, hainbat iturriren arabera, Araban zeuden bi ale horietako bat baino ez da geratzen.

Ekologistak Martxan mugimenduko kideek salatu dutenez, Naturzaintza Aholku Batzordean otsoa Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzeko Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena eztabaidatu eta bost egunera hartu da erabakia. Hori "inkongruentzia" bat dela kritikatu dute.

Gainera, kaltetutako abeltzainek hartutako prebentzio-neurriak ez direla egiaztatu uste du talde ekologistak, eta hori otsoa hiltzea baimendu aurretik "ezinbestekoa" zela ziurtatu dute.

Ekologistak Martxan taldeak iragarri du Europako Batzordeari jakinaraziko diola gertatutakoa. Gainera, otsoaren ehiza ahalbidetzeko Europako funtsek finantzatutako LIFE Oreka Mendia proiektua aitzakia gisa jarri duela azpimarratu dute: "Funtsak kentzeko eta AFA proiektu horretatik kanporatzeko eskatuko dugu".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago