Otsoa babesteko neurrien kontra azaldu zarete. Zergatik?
Gure ustez, otsoa Araban sartzen uzteko erabakia bizimodu bat eta lanbide baten aurkako erasoa da: abeltzaintza estentsiboarena, hain zuzen. Hemen otsorik ez dagoela diote, baina egon badaude. Eta haien kopurua asko igotzen ari da Estatu mailan. Desagertzeko arriskuan balego gu babesteko neurriak hartzearen alde egongo ginake, baina orain ez gaude egoera horretan. Gero eta otso gehiago daude, eta hedatzen ari dira, gainera. Otsoa babestu duten eremuetan demografia-eztanda gertatzen ari da. Babesten badugu, izurrite bihurtuko da, eta izurriteak txarrak dira.
Zer nolako irtenbidea ikusten duzue otsoa eta abeltzaintza bateragarriak izateko?
Hori oso konplikatua da, are gehiago Euskadi bezalako lurralde batean. Beste hainbat eremutan baso handiak eta lurralde zabalak daude, baina ez da gure kasua: mendi txikiak dira, herri asko dituztenak... Hemen inoiz ez dira egon otso talde handiak, baina Burgostik sarrera batzuk izan dira, eta oraindik izaten dira. Momentuz ez dago eraso askorik, baina otsoa hemen sartzearen aldeko neurriak hartzen badira arazoak egongo dira. Erasoak izatekotan, abeltzainek mendiko abereak hartu eta etxera eramango dituzte. Gauzak horrela badira, nork zainduko ditu mendi horiek? Arazoak egongo dira mendian; adibidez, suteekin. Eta hemen mendiak txukun mantendu badira, hori abeltzaintza estentsiboari esker izan da.
Egoera hori kalte-ordainekin konpontzerik ez dago?
Oso polita da kalte-ordainei buruz hitz egitea, baina ikusten ari gara erasoak askotan ez direla salatzen. Gainera, normalean hildako abereei buruz hitz egiten da, baina beste arazo asko ere badira: zauritutako abereak, agerian azaldu ez baina barne mailako zauriak dituztenak, estresa...Bestalde, inoiz ez da egon benetan kalte-ordainak emateko politikarik. Abeltzainak ez dira mehatxuak salatzen ari, ematen zaiena ez delako nahikoa, eta arazoak besterik ez dizkielako ekartzen: ikuskaritzak, hedabideak edota talde animalisten presioa.
Ekologistek diote askotan txakurren erasoak direla, eta ez otsoarenak...
Arazo desberdinak dira. Badira bai txakur basatiak, gose direnak eta normalean ardiei erasotzen dietenak. Otsoek, berriz, behiak, zaldiak eta zaldikoak hiltzen dituzte. Askatutako txakur horiek kontrolpean eduki behar dira. Txakurrei dagokienez, askotan proposatu dute mastinak erabiltzea, baina ekologistek ez dakite zertaz ari diren. Mastin asko eduki beharko lirateke mendian, eta horiek ere arazo bihur daitezke. Mendira joaten den jende asko dago hemen, eta mastinak sartzen baditugu arazo bat sortzeko arriskua dago, arazorik ez dagoen une batean. Gainera, horiek baldintza egokietan eduki behar dira, ondo trebatuta eta ondo elikatuta, eta hori ere gure gain geratzen den gastu handia da.