Istilu bat izan da Zaballako espetxean

Erredakzioa 2019ko urr. 30a, 15:11
Istiluak astelehenean izan ziren, Zaballako espetxeko 3. moduluan./ Argazkia: Alea

Hedabide ezberdinen arabera, funtzionario elkarte batek jakinarazi du istiluen ondorioz zortzi preso isolamendura bidali dituztela eta bi langile zaurituta daudela. Espainiako Espetxe Erakundeak "gorabeherak" izan zirela aitortu du, baina garrantzia kendu dio.

Espetxeko funtzionarioen elkarte batek azaldu duenez, astelehenean, 18.00ak aldera gertatu ziren istiluak, Zaballako espetxeko hirugarren moduluan.

Elkartearen bertsioak dio zerbitzuburua preso batengana hurbildu zela eta hark irainka erantzun ziola. Atzetik, preso gehiago batu ziren borrokara, betiere funtzionarioen elkartearen arabera.

Goizeko lehen orduetan zenbait hedabidek zabaldutako bertsioa gezurtatu du Espainiako Espetxe Erakundeak: "Ez zen matxinadarik izan". Istilua bai, ordea.

Istiluen ondorioz, zortzi preso bakartu egin dituzte eta bi funtzionario zauritu ziren.

Momentuz, gertakarien inguruko informaziorik ez duela aitortu du Salhaketa elkarteak, ALEAk galdetuta.

 

2019: "urte beltza" Zaballako espetxean

Salhaketak Zaballako espetxean "nagusi den opakutasuna" salatu zuen urriaren 8an. Izan ere, Zaballako espetxean bost pertsona hil dira 2019. urtean. Espainiako espetxetan 134 dira bizitza galdu duten pertsonen kopurua. Batez-beste, hiru pertsona hiltzen dira astero.

2019ko urtarrilaren 17an, 28 urte zituen J.A. gazte bizkaitarraren hilotza topatu zuten kideek, gauez. Otsailean, beste gazte batek bizitza galdu zuen Zaballako espetxean.

Apirilaren 1ean hildako hirugarren gaztearen familiak "aurpegia ematea" erabaki zuen, Salhaketarekin batera, gorpuari izen-abizenak jartzeko: Jonathan Costillas Rituerto. 1994an jaiotako 24 urteko gaztea zen, Zaramaga auzoko bizilaguna eta Zaballako 7. moduloan urkaturik agertu zen. "Zerrenda amaigabe baten beste zenbaki bat" ez izateko egin zuten agerraldia.

Euren senidearen heriotza "saihestu zitekeela" salatu zuten mobilizazio batean, bizitza galdu zuen laugarren gaztearen familiarekin batera. Kasu honetan, 28 urteko beste gazte bat izan zen, Xabier Gonzalez Garcia, apirilaren 25ean Zaballako 5. moduloan hilda agertu zena.

Azken kasuan, A.F.N-rena izan zen, 50 urte inguruko donostiarra, Arabako makroespetxearen hirugarren moduloan bizitza galdu zuena, irailean.

Honen aurrean, Salhaketak "espetxe barruan gertatzen dena ezagutzea" exijitu du. "Euskal jendartearen eskubidea" izateaz gain, "jendartearen erantzunkizuna" dela aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide