Zaballako espetxean 28 urteko gizon bat zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Jon Rejado 2019ko urt. 28a, 16:47

Zaballako espetxea. / EITB

Heriotza urtarrilaren 16tik 17rako gauean gertatu zen, presoa ziega barruan zegoela. Salhaketak Espetxe Erakundeei kritikatu die heriotza horren berri eman ez izana.

Bizkaiko 28 urteko gizonezko bat hil zen urtarrilaren 16tik 17rako gauean Zaballako espetxean (Araba). Espetxeko ordezkariek hala jakinarazi zioten presoaren familiari. Salhaketa elkarteak kritikatu du jakinarazpena familiara mugatzea, eta Espetxe Erakundeen bitartez gertaera horren berri eman ez izana. Espetxe barruko heriotza isilarazteko asmoa dagoela uste du elkarteak, eta  Zaballako azken kasua "ezkutatze politika" baten erakusgarri dela gaineratu du.

Zendu zen gaztearen familiak Salhaketara jo zuen, urtarrilaren 19an. Elkarteari jakinarazi zioten espetxetik esan zietena: gaindosi baten ondorioz hil omen zen, eta ziega berean zegoen beste presoak ere gaindosia izan zuen. Azken hori, baina, bizirik zegoen.

Salhaketak zehaztu du heriotza horiek ez direla "naturalak". Cesar Manzanos elkarteko kideak nabarmendu du neurriak daudela halako gertaerak saihesteko. Are, ezagutarazi berri den heriotza "arduragabekeri" baten ondorioz gertatu zela nabarmendu du. "Susmoa zegoen hildakoaren ziegako kideak droga jaso zuela egun horretan bertan; halako kasuetan neurri bereziak har ditza espetxeko zuzendaritzak, gertatu dena galarazteko".

Zaballan ezagutarazitako azken heriotza "ezkutatze politikaren beste adibide" bat dela gaineratu du Manzanosek. Azken urteetan Espainiako Gobernuak kudeatutako espetxeetan gertatutako heriotzen %10a ere ez dira ezagutarazi. Are, nabarmendu du espetxe barruan lan egiten duten elkarteek ere ez dute horren berri ematen, jakinaren gainean egon arren. "Zerbait esaten badute espetxean lanean jarraitzea ukatuko dietela jakin badakite".

Espetxean gertatzen diren heriotzekin amaitzeko Salhaketak hainbat neurri eskatu ditu. Batetik, Fiskalak heriotza guztiak iker ditzala, ofizioz. Espetxeetako zuzendaritzei ere eskatu die familiei informazio guztia eta babesa ematea, baita gogorarazi ere auzibidea abiarazteko aukera dutela, erantzukizunak eskatzeko. Espetxealdia ez diren beste aukerak sustatzeko eskatu du Salhaketak: drogamenpekotasunetik ateratzeko programak... Halaber, larri dauden pertsonak kaleratzeko eskatu du. Azkenik, espetxeetako "masifikazioarekin" amaitzeko eskatu du.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago