Zaballako espetxean nagusi den "opakutasuna" kritikatu du Salhaketak

Erredakzioa 2019ko urr. 8a, 12:52
Salhaketaren elkarretaratzea urteko bosgarren heriotza salatzeko / Argazkia: Arabako Alea

2019ko bosgarren heriotza salatzeaz gain, senide eta lagunei elkartasuna adierazteko eta neurri zehatzak eskatzeko elkarretaratzea egin du gaur goizean Salhaketak, Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean.

Oraingoan A.F.N izan da, 50 urte inguruko donostiarra, Arabako makroespetxearen hirugarren moduloan bizitza galdu duena.

Salhaketa elkarteko kide Cesar Manzanos eta Adrian Donnay atsekabe agertu dira prentsaurrean: "Funtzionarioen kolektibo baten bitartez izan dugu heriotza honen berri, urteko bosgarrena". Heriotza irailaren 21ean jazo zen, baina "sei egun berandura arte ez zen publiko egin", salatu dute.

"Informazio eza eta opakutasuna" gogor kritikatu dituzte. Izan ere, Manzanosen hitzetan, "Zaballako espetxea gezurretan ari da", espetxeko zuzendaritzak ez baititu elkarteak muturreko egoera hauetaz informatzen. "Kasu hau ez da salbuespena izan", azaldu du.

Salhaketak lortu duen informazioa eskasa da, hala ere. A.F.N donostiarra zela eta bere espetxea Zaballa ez zela badakite. "Epaitegira joateko mugitu zuten", azaldu du elkarteak. Heriotzaren arrazoia, "betiere espetxeko zuzendari eta funtzionarioen arabera", gaindosia zen. Informazio horiek "kontrastatzeko daturik ez" dituztela ere aipatu dute.

Norabide berdinean kokatu dute beste kasu bat: azaldu duten bezala, bere buruaz beste egiten saiatu zen beste preso bat. Ospitalera eraman zuten eta, horren ostean, bere osasunaren inguruko informaziorik ez dute izan Zaballan lan egiten duten elkarteek.

 

2019: "urte beltza" Zaballako espetxean

2019ko urtarrilaren 17an, 28 urte zituen J.A. gazte bizkaitarraren hilotza topatu zuten kideek, gauez. Otsailean, beste gazte batek bizitza galdu zuen Zaballako espetxean.

Apirilaren 1ean hildako hirugarren gaztearen familiak "aurpegia ematea" erabaki zuen, Salhaketarekin batera, gorpuari izen-abizenak jartzeko: Jonathan Costillas Rituerto. 1994an jaiotako 24 urteko gaztea zen, Zaramaga auzoko bizilaguna eta Zaballako 7. moduloan urkaturik agertu zen. "Zerrenda amaigabe baten beste zenbaki bat" ez izateko egin zuten agerraldia.

Euren senidearen heriotza "saihestu zitekeela" salatu zuten mobilizazio batean, bizitza galdu zuen laugarren gaztearen familiarekin batera. Kasu honetan, 28 urteko beste gazte bat izan zen, Xabier Gonzalez Garcia, apirilaren 25ean Zaballako 5. moduloan hilda agertu zena.

Araban kokatuta dagoen Zaballako espetxean bost pertsona hil dira 2019. urtean. Espainiako espetxetan 134 dira bizitza galdu duten pertsonen kopurua. Batez-beste, hiru pertsona hiltzen dira astero.

Honen aurrean, Salhaketak "espetxe barruan gertatzen dena ezagutzea" exijitu du. "Euskal jendartearen eskubidea" izateaz gain, "jendartearen erantzunkizuna" dela aldarrikatu dute.

 

Neurri zehatzak "espetxe-genozidioa" gelditzeko

Urte honetan zehar behin baino gehiagotan errepikatu diren agerraldietan bezala, konpromisoak hartzeko eta neurri zehatzak martxan jartzeko exijitu dio Salhaketak dagokien erakundeei, "benetako espetxe-genozidioa" geldiarazteko:

  1. Ministerio Fiskalak Estatuaren ardurapean gertatutako heriotzak iker ditzala.
  2. Espetxe-zuzendaritzak senideak inpartzialtasunez informatzea.
  3. Presoen senideek espetxeko zuzendaritzari intzidentziak transmititu ahal izateko bermeak, senide presoarentzat zigorrik eragin gabe.
  4. Senideei babesa ematea: erantzunkizun zibil eta penalak eskatzeko, babes psiko-soziala, juridikoa...
  5. Droga-menpekotasunak gainditzeko programak sustatzea eta espetxe-zigorrak horiengatik ordezkatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren inplikazioarekin.
  6. Larriki gaixo dauden presoen berehalako askatasuna, "legeak aurreikusten duen bezala". Tartean, fase terminalean dauden edota buruko gaitzak dituzten pertsonen kasua azpimarratu dute.
  7. "Zigorrak luzatzen dituen" legeriaren berehalako erreforma.
  8. "Legeriaren aplikazioa", irteera-baimenak, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasuna sustatzeko. Horretarako, Araban Espetxe-Zaintzarako beste epaitegi baten beharra planteatzen dute.
  9. Presoen kopurua murriztea edozein espetxe-politikaren helburua izan behar dela aldarrikatu dute, azkenik. Honekin batera, zigorrak ohiko bizilekutik hurbilen dagoen zentroan betetzea "ezinbestekotzat" hartzen dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide