Zaballan hil den azken presoaren familiak auzitegietara joko du

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mai. 8a, 12:54
Kontzentrazioa egin dute eguerdian, Zaballan jazotako heriotzak salatzeko. M.BITERI

Xabier Gonzalez Garcia 28 urteko gazte bizkaitarraren heriotza ez dela naturala izan nabarmendu du Salhaketak, eta kartzelako zuzendaritzak familiari emandako tratua salatu du.

Xabier Gonzalez Garcia Zaballan preso zegoen gazte bizkaitarraren heriotzaren berri telefonoz eman zion espetxeko zuzendaritzak familiari; ez dute, beraz, laguntza psikologikorik izan ezta horrelako gertaera batek eskatzen duen babesik ere. Gainera, Salhaketak nabarmendu duenez, ez dituzte haien eskubideen inguruan behar bezala informatu, eta hortaz, Gonzalez Garciaren gorpua erraustu dute, lehen autopsiaren txosten osoa izan aurretik. "Gauzak horrela, behar izatekotan, ezinezkoa litzateke bigarren autopsia bat egitea".

Bizkaitarraren heriotzaren zergatia jakiteko modurik ez badago ere, Salhaketak argi utzi du zaintzapean gertatzen diren heriotza gehienak bezala, "hau ere ekidin zitekeela", eta ez dela "naturala" izan. Hortaz, senideek epaitegietara joko dute, eta gertatutakoa argitzeko "eman beharreko pausuak emango dituzte".

Apirilaren 25ean jazo zen 28 urteko presoaren heriotza, Arabako kartzelan. Gaur, presoaren senideekin batera, Salhaketak publiko egin duenez, bi urte eta lau hilabete zeramatzan Zaballan bizkaitarrak, eta denbora luze horretan ez zioten bere hiru alabak ikusten utzi; azken hilabeteetan, gainera bere bikotearen bisitak ere ukatu zizkioten. Halaber, Gonzalez Garciaren gurasoek salatu dute Zaballako kartzelan nahasmendua dela nagusi, eta oso zaila gertatu zaiela bere semearen inguruan gertatzen ari ziren gorabeheren berri zuzendaritzari ematea.

Apirilaren 1ean hildako presoaren familiarekin ez bezala, kasu honetan, Zaballako zuzendariak onartu zuen Gonzalez Garciaren familiarekin biltzea. Aurreko asteartean izan zen, baina espetxeko zuzendariak berehala bertan behera utzi zuen bilera: "Bost minutu igaro ostean zuzendariak haren erantzukizuna onartu ez eta bilera etetea erabaki zuen", azaldu du Salhaketak. "Arreta tamalgarria da, eta familia berriro biktimizatu egiten du".

Neurriak hartzeko eskaera

Gizarte eskubideen inguruan lan egiten duten Estatu osoko hamabost bat elkartek Arabako kartzelan azken urtean hil diren lau lagunen heriotzak salatu dituzte, eta horrelakoak berriro gerta ez dadin, neurriak har ditzatela exijitu diete Espainiako eta EAEko gobernuei baita Fiskaltzari ere. "Kezkatzen gaitu heriotza hauen zergatia argitzeko orduan, agintari politikoek eta judizialek erakusten duten borondate faltak. Egoera jasanezina da, are gehiago indarrean dagoen legedia ezarriz, heriotza gehienak ekidin daitezkeelako".

Espetxeetan ematen ari diren heriotzekin amaitzeko, hainbat neurri proposatu dituzte, besteak beste, Bartzelonako Abokatuen Elkargoko Defentsa Batzordeak, Andaluziako Giza Eskubideen aldeko elkarteak, Galizako Esculca elkarteak, Etxeratek, eta Salhaketak berak. Horien artean dago gaixo dauen presoak askatzea, zigor luzeak ezartzen dituen espetxe eta zigor legediaren erreforma, edo gaurko legedian aurreikusita dauden baimenak, bigarren graduak eta baldintzapeko askatasunak ezartzea.

Halaber, presoen familiei behar bezalako arreta izateko laguntza juridikoa eta psikologikoa ematea exijitu dute, eta familiak espetxeetako zuzendaritzari presoaren inguruko gorabeherak askatasunez informatu ahalko dutela bermatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide