Gaur egun, ordea, Trebiñuko beste hainbat herritan bezala, nekazariek eta udatiarrek partekatzen dute herriko eguneroko jarduna. Herrian eraikin txukunak aurkituko ditugu eta bista ederrak, baina agerian da, baita ere, hainbat bazterretako utzikeria, XVI. mendeko Jasokundearen eliza erortzear baitago.
Antzinean bi ibilbide nagusi gurutzatzen ziren Ihuda ibaiaren alboan, gaur egungo Armentiako Bentak herriaren parean hain zuzen ere. Batak Bordele-Astorga galtzada eta Kanpezuko bailara lotzen zituen, ibaiaren ibilguan zehar; besteak, berriz, Gasteizko mendatetik egiten zuen, Herrerako mendatea zeharkatu eta Arabako Errioxara iristeko ibilbidea.
XVIII. mendearen amaieran, Gasteiz eta Herrera artekoa errege-bidea bihurtu zen, eta hain zuzen garai horretan erabaki zuten Armentiatik behera Las Ventas auzoa sortzea, bideak ibaia zeharkatu eta ibilbide zaharrarekin bat egiten zuen lekuan. Bada, horrela, XIX. mendearen hasieran, Armentian "elkarren ondoan kokatutako eta zumardi zoragarriaz inguratutako hiru benta" zeudela aipatzen zen. Bentok ostatua eta janaria eskaintzen zizkieten bide horiek zeharkatzen zituzten bidaiariei.
Lehen Karlistaldian, Zumalakarregi jenerala Armentiako Bentan kanpatu zen, eta bertatik hasi zuen Trebiñuko gazteluaren kontrako erasoa. Irabazi eta gero, gaztelua dinamitatzea erabaki zuen jeneral karlistak.
1970. urtean Trebiñuko nekazari talde batek Armentiako Nekazaritza Kooperatiba sortu zuen, eta Armentian kokatu zituzten pabiloiak. Gainera, 2012. urtean kooperatibak gasolindegi bat zabaltzea erabaki zuen, Armentiako Bentak auzoan, koperatibistei eta gidariei zerbitzua emateko.
Kuadrilla: Armentia.
Udalerria: Trebiñu.
Biztanleak: 139 (2018ko INEren datuen arabera).
Bitxikeria: 1987ko urtarrilaren 20an, Armentiako Bentako jatetxean, PSOE, EE eta EAren arteko negoziazioa hautsi zen, etaTxiki Benegasen ordez Ardanza izan zen lehendakari.