Gasteiztik hiru kilometrora dago Armentia, Donemiliaga Kukullako kartularioren arabera: Armentei. Kartulario berean, 1050. urteko dokumentu batean Armenti aipatzen da. Mende bereko dokumentuetan, berriz, Armendehi eta Armentegui izenekin jasotzen dute. Geroago, 1135eko eskuizkribu batean, jada Armentia jasotzen da, eta XIII. mendetik aurrera izen horri eutsiko dio herriak.
Astorga eta Bordele arteko bide erromatarraren itzalpean herrixka bat sortu zuten bertan, eta ingurune hori izango da ere Arabako apezpikutza boteretsuaren egoitza, IX. mendetik XI. mendera arte.
Mendez mende iraun zuen herriak, eta XX. mendearen 50. hamarkadaren hasieran aldaketa inportante bat jazo zen Armentian, garaiko hogei bizilagunen nekazaritza-herrian eraiki baitzuten auzo berri bat, hiriko lantegietara lanera joan zirenak jasotzeko. "Etxe hotzak" deitu zieten gasteiztarrek langileak jasotzeko Armentian eraiki zituzten etxe merkeei. Martin Ballestero gobernadore zibil falangistak eta Eugenio Arraiza arkitekto karlistak sustatu zuten obra, eta frankismoak "bizitza eredu osasuntsua eta alaia" lortzeko proiektua bezala zabaldu zuen.
Bigarren aldaketa garrantzitsua 1970. hamarkadan eman zen, txaletak eraikitzen hasi baitziren, eta 80. hamarkadan inguratu zuten antzinako herria Uleta gainetik.
Fitxa:
Kuadrilla: Gasteiz.
Udalerria: Gasteiz.
Biztanleak: 254 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Hamazortzi kilometro inguruko distantzia dago Gasteizko Armentia eta Trebiñuko Armentia herrien artean.