Ezaguna da Axarte XIII. eta XIV. mendeen artean bertako harrobietatik Gasteizko Santa Maria katedrala eraikitzeko harriak atera zituztelako. Oso prezituak ziren garai hartan Axarteko lumakelak: "Mailuarekin harria apurtzen denean, arroka garbia agertzen da eta horretan ikus daiteke mineral berezia, Paleozenoko kaliza bat da lumakela, harri zuria edo harri argi arabarra ere esaten zaio". Axarteko harria erabili dute Espainia aldeko hainbat tenplutan; hala nola, Santo Domingo de la Calzadako katedrala eraikitzeko, Carrion de los Condesko Done Jakue elizan edo Avilako santuen sarkofagoan, besteak beste. Santa Maria katedralaren Fundazioak Axarte eta Gasteiz arteko Harriaren Bidea berreskuratu zuen orain dela urte batzuk; katedralaren interes historiko eta artistikoa hurbileko paisaiako osagaiekin lotzeko asmoa zuen, eta Trebiñuko harriak Gasteizko muinora eramateko erabili diren ibilbide historikoen berri emate ko baliatu du urtero antolatzen dituen txangoak. Izan ere, Santa Maria katedralaren eraikuntzan 4.992 tona harri garraiatzeko erabili zen bidea. Hala jaso du Luis Martinez Torres EHUko geologoak La ruta de la piedra liburuan. Torresen esanetan, 10.700 gurdi behar izan zituzten katedralera harriak eramateko. Idi-pare bakoitzak Axarteko harrobitik ateratako 460 kilo harri garraiatzen zituen. Gotikoaren amaieran utzi zuten Trebiñuko harria ustiatzen, ia agorturik zegoelako harrobia, eta gainera oso garestia omen zelako. Hamabost kilometroko distantzia dago Gasteiz eta Axarte artean, baina bost orduko txangoan erraz zeharkatu daitekeen bidea da. Ganaduzaleek ibilbide hau ere zeharkatzen zuten larre batetik bestera animaliak eramatera joaten zirenean. Era berean, salgaiak Gasteizen eta Arabako Errioxa artean garraiatzeko erabiltzen zen basabidea.
Fitxa:
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñu.
Biztanleak: 1 (2017ko INEren datuen arabera).
Bitxikeria: Estemeño izeneko bidelapur bat bizi zen Axarteko koba batean; aberatsei lapurtzen ziena herriko behartsuei ematen zien.