Babesguneetan, linea elektrikoa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 30a

Azpiestazio elektrikoa Osman kokatzeko asmoa du Solariak. SOLARIA

Arkamuko hegaztien babesgunea ukituko duen Zierbena 20 proiektua aurkeztu du Solariak, Araba eta Burgos artean. Santiago Mendian kontzentrazioa deitu du igandean Gaubeako Horrela Ez plataformak.

Tantaka ari da Solaria bere goi tentsioko linea polemikoari proiektuak gehitzen. Izapidetu duen azken eguzki parkea Burgosen kokatuko du, baina Gaubea eta zehazki bertako hegaztien babesgunea zuzenean hartuko du eraginpean. Burgosko merindadeetan, Villalba de Losako laborantza lurretan, instalatu nahi du Solariak enegarren eguzki parkea. Aurreproiektuak jasotzen duenez, 128 hektarea okupatuko ditu bertan. Zierbena 20 izeneko instalazioak 50 megawatt elektrizitate ekoiztea du helburu, guztira 103.432 panel jarriz.

Burgosen sortuko den elektrizitatea Gaubearaino eramango du Burgosko Villalba de Losa eta Berberana eta Arabako Osma, Fresneda eta Estuliz artean eraikiko den aire bidezko eta lur azpiko linea elektriko baten bidez. Osma inguruko nekazaritza lursailetan eraikiko duen azpiestazioarekin osatuko du Solariak proiektatuta duen linea elektrikoaren ibilbidea.
Zierbena 20 proiektuarekin lotutako linea elektrikoak nekazaritza lurrak okupatuko ditu, eta   Natura 2000 Sareko eta Konserbazio Bereziko espazioei eragingo die. Araban, Arkamu-Gibillo-Arrastaria eta Tumecillo-Omecillo ibaia babes eremuei, eta, Burgosen, Obarenes Mendiaren eta Santiago Mendiaren kontserbazio bereziko naturguneei.

Lau babesgune

Energia konpainiak Espainiako Gobernuaren aurrean baimenak lortzeko aurkeztu dituen txostenetan jaso du proiektuaren instalazioen bost kilometroko eremu baten barruan daudela Natura 2000 Sareko lau guneak, "eta hurbilen dagoena Santiago Mendiko naturgunea dela, "eguzki plantaren hesitik gutxi gorabehera 2,8 kilometro ipar-ekialdera dagoen lerro zuzeneko gutxieneko distantziara".

Solaria konpainiaren arabera, proiektuak "ez die zuzenean eta modu esanguratsuan" eragingo mugakide diren Natura Sareko guneei, baina aitortzen du Villalba de Losako eguzki parkea eta atxikitako ebakuazio linearen aireko tartea direla eta, "zeharkako eraginak" gerta daitezkeela hiru espaziotan dauden harrapari espezie batzuetan: Arabako Arkamu-Gibillo-Arrastarian eta Burgosko Santiago Mendian eta Obarenes mendietan. Hala ere, zenbait "neurri prebentibo eta zuzentzaile" hartzea proposatzen dute, proiektuak espazio horietan dauden espezie eta habitatean izan ditzakeen ondorioak arintzeko.

Lineak hegaztiei kaltea eragin diezaieke, Solariak aitortu duenez

Era berean, linea elektrikoaren aireko tarteak hegazti espeziei "eragin diezaiekela" jaso du Solariak txostenean, talka egiteko eta elektrokutatzeko "nolabaiteko arriskua" dakarrelako. Hala ere, adierazi behar da elektrizitate linearen aireko tarte osoan zehar talken aurkako neurriak ezarriko direla, hala nola haize babesak, hegazti faunaren gaineko inpaktua murrizteko".

Solariak ziurtatu du ingurumen inpaktuaren txostenean konpentsazio-neurri batzuk jasoko direla, bai eta Ingurumena zaintzeko Plan bat ere, proiektuaren obra eta funtzionamendu faseetarako, faunarengan sortzen diren inpaktuak arintzeko.

Dagoeneko Zierbena 20 proiektuaren inguruko ingurumen inpaktuaren eta aurretiazko administrazio baimenaren eskaria egin du Solariak Espainiako Gobernuaren aurrean, eta alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea zabalik dago. Burgosko merindadeetako hainbat herritar taldek zein Gaubeako Horrela Ez plataformak, berriz, proiektua bertan behera geratzeko exijitu dute, ingurumenean eta nekazaritza lurretan eragingo dituen kalteak saihestezinak izango direla argudiatuta. Igandean, azaroaren 2an, kontzentrazioa antolatu dute Santiago Mendiaren parkearen sarreran, Berberanan.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago