Solariarekin zuen kontratua apurtu du Mendibilek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 30a

Agerraldia egin dute herritarrek erabakiaren berri emateko. Argazkia: UAGA

Dura eta Arzubiaga ere uko egin zioten beren lurrak eguzki plantarako lagatzeari.

Mendibilgo kontzejuak Vitoria Solar 1 zentral fotovoltaikoa instalatzeko Solariarekin sinatu zuen lurzoru komunalen alokairu kontratua bertan behera uzteko erabakia hartu du. Ebazpen horrekin, Mendibilek beste kontzeju batzuekin bat egiten du, hala nola Dura eta Arzubiagarekin, haiek ere uko egin baitzioten beren lurrak eguzki plantarako lagatzeari.

Arratzua-Ubarrundiako Horrela Ez plafaformak eta Mendibilgo kontzejuak azaldu dute hamazazpi hektareako lagapena aurreikusten duen alokairu kontratua eteteak "aldaketa garrantzitsua" dakarrela hasierako proiektuan, eta, horren ondorioz, gaur egun ez dakite nola "berregokituko" duten proiektua. Duela lau urte aurkeztu zuten Vitoria Solar 1 proiektua, "baina ez dago informaziorik egungo egoerari buruz", kontzejuko kideek esan dutenez. 

Horrela Ez plataformak, gainera, Vitoria Solar 1 proiektuari emandako onarpen berezia ukatzeko eskatu dio aldundiari, ustezko arkeologia eremuan kokatzeagatik, herriguneetatik gertu kokatzeagatik eta balio estrategiko handiko nekazaritza lurrak okupatzeagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago