Neolitoko herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Toberan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 17a, 17:30

Trebiñuko Araiko mendilerroan Neolitoko meatzariek ustiatu zuten silex harrobiarekin lotuta dagoela uste dute arkeologoek, zehazki Pozarrateko harrobiarekin.

Euskal Herrian orain arte aurkitu duten Neolitoko herri bakanetakoa da Toberan aste honetan bertan deskubritu dutena. CENIEHk zuzendutako talde batek prospekzio magnetikoaren teknika erabili du Berantevillako Los Cascajos izeneko parajean Neolitoko gelen egiturak antzemateko. Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikertzaile eta geologo Andoni Tarriñok gidatu du indusketa.

"Egitura lineal ugari aurkitu ditugu, horietako batzuk zirkularrak dira, eta 10-20 metroko diametroa duten etxolak direla uste dugu; halaber, bestelako egiturak ere igarri daitezke, putzuak, hobiak…", azaldu du Tarriñok. Ofitako mazo bat ere aurkitu dute toki horretan.

1980ko hamarkadan egindako indusketetan bildutako materialengatik (silex, zeramikak, aizkorak…) uste zuten arkeologoek toki horretan herrixka bat egon zitekeela. Iaz, Los Cascajos inguruak induskatzen hasi ziren, eta aurten, lana osatzeko, lurraren anomalia magnetikoak identifikatu dituzte, guztira 7,3 hektareako azaleran.

Araikoko mendatean, Pozarrate izeneko eremuan, Neolitoko meatzariek ustiatu zuten silex harrobiarekin lotu du Tarriñok Toberako herrixka: "Ziurrenik, kokaleku hau Araiko mendilerroan dauden silex ustiapenekin lotuta dago, zehazki Pozarrateko harrobiarekin". Izan ere, zuzenean  2,15 kilometro baino ez daude Pozarrate eta Los Cascajos artean. 

Helmut Becker geofisikari alemaniarrak, Anne-Sophie Flade-Becker arkeologoak eta Bergarako UNEDeko Mikel Agirrek parte hartu dute proiektuan, eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak finantzatu du, CENIEHren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin.

Erlazionatuak

Hasi dira indusketak Araikon

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 eka 25 Trebiñu   Trebiñu

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago