Araikoko mendatean, Pozarrate izeneko eremuan, Neolitoko meatzariek ustiatu zuten silex harrobi bat induskatzeko kanpaina berria abiatu dute, gaur. CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko ikertzaile Andoni Tarriñok gidatzen du bertan lan egingo duen taldea. Trebiñuko Udalaren babesa dute, eta Espainiako Ekonomia ministerioaren diru-laguntza.
Araiko Egitasmoa etorkizun handiko eta epe luzeko egitasmoaren zati bat da, Trebiñu eta Berantebilla artean dagoen Neolitoko Europako harrobi-egitura handienaren azterketaren lehen urratsa, hain zuzen. Hogei kilometro koadro okupatzen dituzte Araiko eta Kutxo mendien artean sakabanatutako harrobiek, zangek, eta silexa ateratzeko Neolitoko gizakiek eraiki zituzten egiturek. Harrobien egiturarekin batera inguruko beste aztarnategiak ere ikertu nahi dituzte, alegia Neolitokoen herriak.
Araiko, Grandival, Ozana eta Trebiñu herriak zeharkatzen dituen mendatean historiaurreko ehunka harrobi daude, eta milaka tona lur azpian daude, ikusezin. "Antzinako aztarnak direnez, paisaiarekin mimetizatu egin dira, eta ez da erraza antzematea, badira arkeologoak hemen egon direnak prospekzioak egiten eta ez dute ezer ikusi", azpimarratu du Tarriñok.
Murrizketak medio, urte luzez egon ziren modu prekarioan lanean ikertzaileak, baina 2016. urtean hiru urteko finantzaketa erdietsi zuten, eta Trebiñuko silex harrobiak induskatzeko lanari eutsi zion indarberrituta Tarriño geologoak.