Giza Garapenari buruzko Espainiako Ikerketa Zentroaren geologoa eta Araiko Proiektuaren zuzendaria Andoni Tarriño; ekaina eta abuztua bitartean Trebiñuko Pozarrateko silex harrobia induskatzen duen taldea gidatu du, eta aurkikuntza nabarmenak egin dituzte, tartean duela ia 6.000 urteko oreinaren adarrarekin eginiko pikotx-kirten bat. Aste honetan, Trebiñutik Berantevillara egingo dute salto, Santurde eta Tobera herrietan dauden Neolito aroko herrixkek harrobiarekin duten harremana aztertzeko.
Zein da Berantevillan abiatu duzun lanaren helburua?
Ditugun datuen arabera, Rojo ibaiaren haranean, Neolito- Kalkolito aroko herrixkak daude, eta Araiko mendilerroan silex meatzariek egin zituzten lanen garaikideak izan daitezkeen herriak direla uste dugu. Gure helburua herrixka hauen inguruan datu gehiago lortzea da, eta bide batez jakitea zer harreman zuten herrixkek eta harrobiek. Araikoko mendilerroan lan egiten zuten gizakien habitat osoa aztertu eta osatu nahi dugu.
Zertan oinarritu zarete zonaldea aukeratzeko?
80. hamarkadan Rojo ibaiaren haranean egin ziren azterketak berreskuratu ditugu. Indusketa intentsiboak egin ziren, hamar urte inguru luzatu ziren, eta nik ere horietan parte hartu nuen. Ikusi genuen Rojo ibaiaren bailara osoan silex kantitate izugarria zegoela, baina ez genuen ulertzen zergatik zegoen horrenbeste silex bertan. Orain badakigu mendizerra osoan silex azaleratze ugari dagoela, eta historiaurreko harrobiak daudela, dozenaka eta dozenaka. Lan horietan parte hartu nuenez, azterketak ezagutzen ditut, eta tokirik hoberenak aukeratu ditut, ehuneko ehuneko ziurtasunik ez izan arren.
Zer espero duzu aurkitzea?
Herrixkaren planoa aurkitzea espero dugu. Santurde herriaren ondoan dagoen La Renke eremuan badira 80. hamarkadan egin ziren indusketen datuak, eta ziur gaude hor egiturak, etxolak, suak eta giza-jardueren aztarnak daudela. Toberan, berriz, Los Cascajos herrixkaren inguruko zantzuak bakarrik ditugu. Bestalde, Araba aukeratu dugu erosoagoa delako, errazago delako hemen baimenak lortzea Gaztela eta Leonen baino.
Lurzoruen azterketa geofisikoa egingo duzue. Zer da hori?
Lurzoruarekin erasokorrak ez diren metodoak dira. Modu asko dago azterketa egiteko, elektrizitatearen bidez, radarrarekin… baina kasu honetan magnetismoa erabiliko dugu, lurzoruaren gainetik antena batzuk pasatu eta horien bitartez bilduko ditugu historiaurreko biztanleek utzi zituzten aztarnak: etxolak, oholesiak… Azken egunetan lanean ibili gara eremu horretan; sare bat egin behar da hesolekin, oso lan zehatza izan behar da, metroz metro joan behar da. Sekula ere ez dut lan egin metodo horrekin, eta jakin-mina dut. Alemaniako geofisiko aditu bat etorriko da, mundu osoan ezaguna, eta espektatiba handiak ditugu; ea zer aurkitzen dugun.
Zenbat denbora emango duzue azterketa egiteko?
Landa-lana hiru egunetan amaituko dugu, gero beste hiru egun izango gara adituarekin laborategian, ateratako datuak aztertzeko, eta ondoren txostena egingo dugu, Arabako Diputazioari aurkezteko.
Zein da lan-hipotesi nagusia? Santurden eta Toberan bizi ziren lagunek Araikoko mendizerrako harrobietan lan egiten zutela?
Harremana zutela, garaikideak ziren. Los Cascajos izeneko lurzorua, adibidez, Berantevillako mugan dago, Trebiñun sartzen da pixka bat, eta Pozarrateko harrobiaren aurre-aurrean dago. Pozarrateko meatzariak Los Cascajosko biztanleak zirela frogatzea oso zaila izango da, baina berberak ez baziren ere aitona-amonak edo birbilobak ziren.
Silex-a lantzen zutela iradokitzen duten aztarnak daude herrietan?
Bai. 80. hamarkadan Santurdeko La Renke herrixkan egin genituen indusketetan taillaketak egiteko piezak eta elementuak aurkitu genituen, kolpekariak, mazo txikiak.
Zeintzuk dira Araiko proiektuaren hurrengo urratsak?
2019. urtean Pozarrate zulatzen jarraituko dugu, metro gutxi batzuk falta zaizkigu hondoraino iristeko, baina egia da dirua bukatzen ari zaigula... Halaber, ikerketa asko daude Araikoko mendilerroaren inguruan, 15 aditu ari dira Araikoko atal ezberdinak aztertzen eta txostenak prestatzen.
Zertan gauzatuko dira lan horiek?
Aztarna arkeologikoak balioan jarri behar dira. Gure azkeneko helburua da Araikoko eremu zabal hau kultura intereseko ondarea izendatzea, baina tramite horiek oso geldoak dira. Gaztela eta Leonekin eta Arabako Diputazioarekin hitz egiten ari gara, baina azterketak egiten jarraitu behar dugu