Kakarro Birigarro eta bi festa egun Amurrioko inauterietan

Erredakzioa 2024ko ots. 7a, 18:00

Judas Kakarroaren erreketa, 2022an. Argazkia: Aimar Gutierrez / AIARALDEA.eus

Otsailaren 10ean eta 13an, musika, ikuskizunak, haurrentzako jarduerak eta Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa izango dira Amurrioko inauterien plater nagusiak.

Araba inauterien ospakizun betean murgildu da egunotan. Kuartango eta Asparreneko Ilarduia, Egino eta Andoinen ostean, egunotan, ostiraletik asteartera bitartean, beste asko iritsiko dira: Zalduondo, Laudio, Agurain, Gasteiz, Kanpezu, Salcedo...

Amurriok ere ez du huts egingo aurtengo inauterietan, eta bi egunetarako programazio berezia prestatu du Udalak, festa egun gehiagotan luzatuko bada ere: otsailaren 10ean, larunbatean, eta hilaren 13an, asteartean, ospatuko dituzte Amurrioko inauteriak.

Baina bi egun nagusiez gain, askotariko eskaintza kulturala izango dute ostegunetik aurrera. Hilaren 8an, ostegunean, inauterietako kontzertua eskainiko du Amurrioko Musika Eskolak, 19:00etan Amurrio Antzokian. Hurrengo egunean, ostiralean, Baginaren bakarrizketak antzerki ikuskizuna eskainiko du Txalo Produkzioak konpainiak, 20:00etan Amurrio Antzokian.

Larunbatean eguerditik ekingo diote festari: erraldoien eta buruhandien kalejira gaiteroekin, Aiara Dantza Taldearen ekitaldia, batukada-kalejira, musika animazioa Juan Urrutia plazan... Hitzordu nagusia, ohikoa denez, Kakarro Birigarro mozorro lehiaketa izango da. Desfilea 19:00etan hasiko da: Santa Maria elizatik abiatuko da, Elexondo, Aiara eta Iturralde kaleetatik igaroko da, eta Juan Urrutia plazan amaituko da; bertan izango da mozorroen aurkezpena, txokolatada batekin lagunduta. Gauean ere martxa izango da plazan eta inguruko kaleetan, Jaikide DJ, Rockalean Elektrotxaranga eta DJ Blessiven eskutik, eta mozorro lehiaketaren sariak banatuko dituzte.

Igandean eta astelehenean, atsedena hartu eta Wonka filma eskainiko dute Amurrio Antzokian, 19:00etan.

Otsailaren 13an, Inauterietako Asteartean, 16:45etik aurrera, txokolatada eta Xaibor Disko Festa haurrentzako musika ikuskizuna izango dira San Anton plazan, koreografia eta lehiaketarekin. 18:30ean, aurtengo inauteriei amaiera emateko, Judas Kakarroaren ohiko erreketa egingo dute Juan Urrutia plazan.

Nola parte hartu mozorro lehiaketan?

Kakarro Birigarro mozorro lehiaketan izena emateko epea otsailaren 5ean hasi zen, eta otsailaren 9ra arte egunero 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara bitartean egin ahal izango da, Kultur Etxean. Lehiaketak lau kategoria ditu, eta askotariko sariak banatuko ditu:

A kategoria

1-3 pertsonetako taldeak:

  • Lehen saria: 100 euro
  • Bigarren saria: 50 euro
B kategoria

4-10 pertsonako taldeak:

  • Lehen saria: 325 euro.
  • Bigarren saria: 200 euro.
  • Hirugarren saria: 110 euro.
C kategoria

10 pertsonatik gorako taldeak:

  • Lehen saria: 575 euro.
  • Bigarren saria: 275 euro.
  • Hirugarren saria: 150 euro.
D kategoria

Haurrak dituzten helduen taldeak, gutxienez lau pertsona:

  • Lehen saria: 325 euro.
  • Bigarren saria: 200 euro.

Gainera, desfilean koreografia onena sarituko dute APYMCA tokiko merkataritza elkartearen 120 euroko txartelekin, eta parte-hartzaile guztien artean saski bat zozkatuko dute, zero kilometroko produktuekin.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago