Tokatzen ez denean mozorrotuta agertzeko edo tokatzen denean mozorrorik gabe agertzeko arriskua duzu Araban otsailean. Izan ere, herri guztietan inauteriak ospatuko dituzte hilabete honetan, baina bakoitza egun desberdin batean egingo dute.
Inauteriek ez dute, berez, data finkorik, eta beste hainbat jai egunen moduan eliza katolikoaren egutegi liturgikoari loturik daude, eta urtero aldatzen dira, egutegi liturgiko horren berezitasuna delako ilargiaren zikloak kontuan hartzea. Pazko Igandearen arabera ezartzen dira egutegi liturgikoko datak. Eta noiz da Pazko Igandea? Ba, udaberriko lehenengo ilargi betearen ondorengo lehen igandea izan ohi da Pazko Igandea. Inauteriak ere Pazko Igandearen arabera ezartzen dira; izan ere, inauterietako Hausterre Eguna, asteazkena, eta Pazko Igandearen artean 40 eguneko Garizuma izaten denez, Pazko Egunetik 40 egun atzera egin eta inauterien bukaera, eta ondorioz inauterietako jai egun guztiak ezar daiteke. Erraza, ezta?
Bada, otsailaren bigarrengo astean ospatuko dituzte herri nagusietan inauteriak; goiz, beraz. Arabako hiriburuan eta herri askotan mozorroen dantza otsailaren 8an hasiko da, Ostegun Gizenarekin batera, eta otsailaren 13an amaituko da, Inaute Asteartearekin. Larunbatean eta igandean egingo dute jai nagusia herri handietan, karrozak eta mozorrorik eleganteenak kalera ateraz.
Goiztiarrenak, landa eremuan
Halere, inauteri goiztiarrenak Kuartangon eta Asparreneko Ilarduian, Andoinen eta Eginon egingo dituzte, otsailaren 3an. Agate Deunarekin batera izaten da ospakizuna Zuhatzu Kuartangon; goizetik txikienak herriko kaleetatik aterako dira, Santa Ageda ospatzera, abestuz eta etxez etxe otorduak eskatuz. Arratsaldean, berriz, porreroek eta errauskinek hartzarekin batera ohiko ibilbidea egingo dute Zuhatzu Kuartangoko kaleetan zehar; eta 19:00etan, bainuetxearen plazan, suaren inguruan, elkartuko dira sorginekin eta Arrianoko atsoarekin, abestu eta dantzatzeko.
Asparrenean, berriz, lastozko gizona da Ilarduia, Andoin eta Eginoko inauterien protagonista. Aurten, berriro ere, asto baten gainean lehenengo, eta idiz jantzitako porreroen bizkarrean ondoren, Ilarduiatik, Andoindik eta Eginotik paseatu eta su emango diote 16:00etatik aurrera. Lautadatik atera gabe, landa eremuko inauterien artean, Zalduondokoa da ziurrenik Arabako herri inauteririk ezagunena, eta otsailaren 10ean egingo dute aurten. Markitosen panpina herritik paseatu, zutoinean lotu eta epaitu ondoren, jai giroan erre egingo dute. Porreroek, errauskinek eta bestelako pertsonaiek parte hartuko dute 1975ean berreskuratu zuten ospakizunean.
Laudio, erlez jantzita
Lehengo inauteri paganoaren osagaiak gorde baditu ere, hiritarragoa da Laudioko inauteria, eta aurten "keinu" berezia egingo dute mozorroetan. Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak Goya sarietan hamabost izendapen jaso dituela aintzat hartuta, udalak, otsailaren 10ean Goya sarien gala izango dela kontuan izanik, erle erraldoi batez jantziko du udaletxea. Gainera, 20.000 erle baietz erronka abiatu dute; eta gonbidatu dituzte herritar guztiak gau horretan txapa, pin edo erle formako beste ezein elementu eramatera.
Gasteizen, 25 konpartsa
Inauteriak otsailaren 6tik 13ra bitarte izango dira Arabako hiriburuan, Gasteizen, eta programazioak era guztietako ekitaldiak bilduko ditu. Larunbata eta igandea izango dira egun nagusiak gasteiztarrentzat. Larunbat goizean, 13:00etan, Gasteizko margolariek Geltoki plazatxotik Andre Maria Zuriaren plazaraino egingo dute kalejira. Larunbat arratsaldean eta igandean eguerdian, berriz, mozorroen karrozak aterako dira kalera. Aurten, 25 konpartsa eta 7.076 pertsona aterako dira; hau da, 2023an baino konpartsa bat eta 643 pertsona gehiago.
Agiriek diotenez, 1678an, Agurainen, inauteriak ospatzen ziren. 1936an debekatu egin ziren eta 1983an berriro ekin zitzaion tradizioari. Horrenbestez, lau hamarkada dira Agurainek neguko jaiak eta landa eremuko pertsonaiak berreskuratu zituenetik. Porrero eta Sorginaren agurra ospatzen dute Lautadako herrian. Hala, Ostiral Mehean jaisten dira Opakuatik eta inauteri osoak ematen dituzte udaletxeko balkoian. Astearte Inauterian, Porrero eta Sorginari azken agurra ematen diete.
Toribio eta Porretero, amaitzeko
Kanpezuk hartuko du Inaute Asteartean, otsailaren 13an, Arabako ospakizunen lekukoa. Toribio izeneko lastozko gizonarekin egingo dute kalejira arratsaldean, eta epaitu ondoren Ega ibaira botako dute lastozko gizona. Larunbatean, otsailaren 17an, berriz, Salcedon, Porretero lastozko gizona garbitokiko teilatura botako dute, putreen bazka izan dadin. Eta horrela amaituko dira Araban inauteriak.