Tubacexeko langileek grebari eutsi diote, bilera akordiorik gabe amaitu ostean

Erredakzioa 2021ko uzt. 27a, 08:00

Enpresa batzordeko ordezkariak bilerara sartzeko zain, goizean. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Tubacexeko langileen batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera akordiorik gabe amaitu da. Enpresak ez du helegitea kenduko, langileen gutxieneko eskakizunari uko eginez. Grebak 167 egun bete ditu gaur, eta aurrera doa oraingoz.

Hamar orduko bilera —10:30etik ia 21:00ak arte—, aspaldiko partez Ertzaintzaren presentzia handia piketeetan, eta bi proposamen mahai gainean, Tubacexeko lan gatazka konpontzeko eta otsailaren 11n abiatutako greba mugagabearekin amaitzeko asmoz.

Alde batetik, enpresa batzordearena: zuzendaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka jarritako helegitea kentzea, borondatezko baja zein aurre-erretiroen prozesu baten truke; batzordeak uko egingo lioke hitzarmenean adostutako enplegua kontratatzeko konpromisoari; zuzendaritzak azpikontratazioari uko egitea; eta "traumatikoa ez den beste edozein neurri" aztertzea.

Bestalde, Tubacexeko zuzendaritzaren proposamena: helegiteari eutsiz, borondatezko bajen eta aurre-erretiroen prozesu bat irekitzea, EEEaren ondorioak murrizteko; horrekin batera, espedienteak eragindako kolektiboa berriro onartzea, "behin-behinean eta pixkanaka".

Langileen batzordearen ustez, zuzendaritzaren proposamena "ez da nahikoa", eta zuzendaritzaren lehentasuna "greba bertan behera uztea da". Horren aurrean, batzordeak azpimarratu du bere proposamenak ere greba bertan behera geratzea ekarriko lukeela, "betiere ipatutako helburuak bete ondoren".

Hortaz, oraingoz, greba mugagabeari eustea erabaki du enpresa batzordearen gehiengoak, proposamena sakonago aztertu eta negoziazioekin jarraituko badute ere. Grebaren 166. egunean izan da bilera, eta gaur, asteartean, greba 167. egunera iritsi da dagoeneko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide