ERANTZUNA:
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Aceralava eta TTI auziei buruz emandako bi epaietan EEEa baliogabetzat jo badu ere, enpresak adierazi du Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa duela, eta beharrezko bide judizial osoa egingo duela azkenean langileak kale gorrian uzteko. Horrek esan nahi du epai horrek EEEa bidegabetzat edo bidezkotzat jo dezakeela, epaile batek hala erabakiko balu; gutxi gorabehera urtebete barru izango litzateke hori.
"Enpresak ondo daki eskuin neoliberal kontserbadoretik gertu dauden epaile partzial samarrek osatzen dutela Auzitegi Gorena"
Enpresak ondo baino hobeto daki eskuin neoliberal kontserbadoretik gertu dauden epaile partzial samarrek osatzen dutela auzitegi hori (ia Auzitegi Konstituzionalaren parean), bere garaian Alderdi Popularrak bere karguetan jarri baitzituen.
Ondorioz, balizko bi agertoki sortuko lirateke:
Orain lanera itzuliz gero, data zehaztugabe batean egingo lukete, hemendik azarora bitartean eta oraindik iraupen zehaztugabea duen %70eko ABLEEarekin (Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea). Hau da, Gorenaren epaia iristen denean, bidegabea edo bidezkoa balitz, berriz ere kale gorrian egongo lirateke, baina langabezia sorospen gutxiagorekin (ABLEEan kontsumituta) eta, lanera itzulitakoan, hilabete horietan askoz gutxiago kobratuta. Izan ere, lan erregulazioko espedientearekin langabeziara joango lirateke enpresak nahi lukeen beste, gehienez lanaldiaren %70eraino. Tubacexeko zuzendaritza nolakoa den jakinda, imajina dezakezue nola aplikatuko lukete.
Tubacexeko zuzendaritzak planteatutakoa tranpa hilgarria da, eta kaleratutako zein gainerako langileen aurpegian barre egiten du. Gaur, 163 egun daramatzate jarraian borrokan, greba mugagabean. Azkar esaten da, baina egun horietan ekoiztu gabe utzi duten altzairua baino gogorragoak izaten ari dira.
"Orain itzultzea onartzea suizidio kolektiboa litzateke, kaleratutako langileak erabat abandonatuta uztea"
Orain itzultzea onartzea suizidio kolektiboa litzateke, kaleratutako langileak erabat abandonatuta uztea, etorkizun gorabeheratsua izango duen prozesu judizial batean; 163 greba egunek ezertarako balio ez izatea (2020ko otsailean baino okerrago geratuko lirateke urtebete barru), eta jasotako babes guztia mespretxatzea.
Beraz, greba egiten jarraitzen dute enpresa behartzeko EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei men egitera, errekurtsoa idatziz kentzera, epaiak errekurritzeko edozein asmori uko egitera eta langileekin etorkizunerako konpromiso bat adostera; kaleratze behartu eta traumatikorik gabe, lana azpikontratatu gabe (kalitatezkoa) eta soldatak eta lan zein gizarte eskubideak urratu gabe.
Laburbilduz: borrokatzen jarraitzen dute beren lankide kaleratuak erabat onartu arte, betiko eta tranparik gabe.
Hain arrazoi nobleekin, norbaitek borroka hau babesteari utz al diezaioke?
Gora langileon borroka!
Tubacexen ez dago inor soberan!
Azken hori, Pablo Iglesiasek esango lukeen bezala, "ez dut nik esaten", EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek, legeak eta justiziak esaten dute, eta, kasu honetan, hirurak gauza bera dira.
Sinatzailea: Gorka Abascal Muñozek (@GorkaWolf) Twitter eta Facebooken argitaratu du iritzi artikulua. Testua euskaratu eta ALEAren webgunera ekarri dugu.