EAEko Auzitegi Nagusiak Tubacexeko EEEak eta kaleratzeak baliogabetu ditu

Erredakzioa 2021ko uzt. 6a, 13:24

Tubacexeko langileen elkarretaratzea EAEko Auzitegi Nagusian. / LAB

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Tubacexek Aiaraldeko bi lantegietan ezarritako EEEak zein 129 kaleratzeak baliogabetu ditu. Hortaz, langileak berriro onartu beharko ditu enpresak.

Egun historikoa Aiaraldean, azken hilabeteetako borroka luze bezain gogorraren ostean. Epaileek arrazoia eman diete Tubacexeko langileei eta baliogabetu egin dituzte zuzendaritzak Laudioko TTI eta Amurrioko Aceralava lantegietan ezarritako EEEak, eta, beraz, baita bi lantegietako 129 kaleratzeak ere.

Izan ere, ezagutu berri den EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak lanpostuak suntsitzea dakarren neurririk ez du onartu, "ez baitago EEEa aurkezteko eta langileak kaleratzeko arrazoi nahikorik". Hortaz, pandemiaren eraginaren aitzakiapean enpresak aurkeztutako EEEak baliogabetzat jo dituzte epaileek, egoera koiunturala delako eta ez, enpresak argudiatzen zuen bezala, egiturazkoa.

Enpresak langileak berriro onartu beharko ditu berehala. Aurreikus daitekeenez, enpresak Auzitegi Gorenera joko du, baina langileen berronarpena horrekiko independentea izango da.

Auzia bi prozesu ezberdinetan banatu da, EAEko Auzitegi Nagusiko Areto Sozialean: TTIren prozesua Garbiñe Biurrun buru duen atalean egin da, eta Aceralavarena Juan Carlos Iturri epailearen aretoan. Bi epaiketak ekainaren 21ean eta 22an egin ziren. Orain, bi kasuetan, ebazpenak arrazoia eman die espedientea inpugnatu zuten ELA, STAT, CCOO eta LAB sindikatuei.

Bideoa: AIARALDEA.eus

 

"Garaipena"

Langileek poz handiarekin hartu dute albistea gaurko piketeetan, eta sindikatuek epaia "oso positiboa" dela ospatu dute, Tubacexeko delegatu, afiliatu zein langile guztiek "egindako lan izugarria" eskertuz eta "garaipenagatik" zorionak emanez. Lanpostuen aldeko greba mugagabea otsailaren 11n hasi zen, eta azken 146 egunetan luzatu egin da.

Datozen egunetan, enpresa batzordeak afiliatuen asanbladak antolatuko ditu, epaiak baloratzeko eta aurrera begirako urratsak definitzeko.

ELA sindikatuak langileak animatu ditu "borrokan jarrai dezaten enpresak kaleratuen itzulera berme guztiekin egin arte". LAB sindikatuak, bere aldetik, enpresari eskatu dio "bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago