Premiazko bilera izan dute gaur Tubacexeko enpresa batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak. Multinazionalaren azken proposamenaren berri bertan izan dute langileen ordezkariek: kaleratutako langileek lanera itzultzeko aukera izango dute Laudio (TTI) eta Amurrioko (Aceralava) fabriketan.
Tubacexeko langileek 160 egun bete dituzte gaur otsailaren 11n abiatutako greba mugagabean. Atzo bertan, enpresa batzordeak iragarri zuen greba mugagabeak aurrera jarraituko zuela, zuzendaritzari egindako eskaera berretsiz: Enplegua Erregulatzeko Espedientea (EEE) baliogabetzat jo zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia bete dezala, kaleratutako langile guztiak berriro onartuz.
Langileen itzulera uztailaren 26tik azaroaren 30era bitartean eta modu mailakatuan egitea planteatu du Tubacexek. Gainera, irailetik aurrera ezarriko den Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedienteak (ABLEE) langile horiei eragingo lieke, gainerako beharginekin batera.
Enpresa batzordea, zuhur
Iragarpen horrekin batera, langileen ordezkariak prest agertu ziren eskakizun hori betetzen duen "edozein negoziazio prozesuri ekiteko". Enpresak aurkeztutako helegitearen aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena urtebete inguru atzeratu daiteke. Azken informazioen arabera, ordea, badirudi EEEaren bidez kaleratutako 129 langileak beren lanpostuetara itzuli ahal izango direla. Modu horretan, negoziaziorako ateak parez pare ireki litezke, lan gatazka luze bezain gogorraren ostean.
Nolanahi ere, enpresa batzordeak proposamena zuhurtziaz aztertuko du, eta datozen egunetan plazaratuko du horren gaineko balorazio sakonagoa. Izan ere, langileak berriro onartzeaz gain, besteak beste, Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea kentzea ere exijitu diote zuzendaritzari.