Udarako planak, Araban

Benetako Erdi Aroa, agerian

Juanma Gallego 2019ko abu. 10a, 06:00

Pedro Lopez Aiarakoaren eta Guzmaneko Leonorren hilobiak Adatseko Andre Mariaren kaperan daude. / Araba Turismoa

Kexaako monumentu multzoa XIV. mendearen amaieran eraiki zuen Lopez Aiarakoen familiak, eta bertan komentu bat ere martxan jarri zuten. Orain serorak bertan ez badaude ere, Erdi Aroko artelan ederrak ikusteko parada ematen du bisitaldiak.

Ez da erraza Erdi Arora bueltatzea. Euskal Herrian sakabanatuta dauden eraikin asko garai horretakoak dira, baina, gehienetan, garai modernoan egindako zaharberritzeen bidez eskuratu zuten egun duten itxura. Ez da Kexaaren kasua. Bertan kokatuta dagoen monumentu multzoak garai argitsu horretan murgiltzeko benetako parada ematen du.  

Argitsua, bai. Izan ere, zabalduta dagoen ustearen kontra, Erdi Aroak argi-ilunak izan zituen, eta ez soilik itzalak. Kexaako jauregia garai horretan loratu zen. 

Batez ere, bertako jaun Pedro Lopez Aiarakoa (1332-1407) izan zen Kexaan ikusgai diren artelanen bultzatzailea. Portugalgo ziega ilun batean zegoela bururatu zitzaion Adatseko Andre Mariari eskainitako kapera eraikitzea. Gaztelu batean 15 hilabetez giltzapean egon zen Aiarakoa, Gaztelako eta Portugalgo koroen arteko gerra batean preso hartu zutelako. Izugarrizko erreskatea ordaindu behar izan zuen askatasuna berreskuratzeko. Gaztelako eta Frantziako erregeek ere dirua jarri zuten On Pedro askatzeko. Garaiko politikagintzan zuen garrantziaren berri ematen du horrek. Poeta eta historialaria izan zen On Pedro, baina, batez, ere, diplomazialari modura aritu zen. Gaztelako lau erregeen zerbitzuan egon zen, eta erreinuaren kantzilerra izatera heldu zen. Kargu hori zuenak erregearen zigiluak gordetzen zituen, eta Koroak sortutako dokumentu guztiak bere eskutik pasatzen ziren. Gaur egun, eta distantziak gordeta, lehen ministro deituko genioke. 

Alabastroko hilobiak

Artziniegatik hamar bat kilometrora dago ehortzita kantzilerra, Adatseko Andre Mariaren kaperan, bere emazte Guzmaneko Leonorrekin batera.  Ordura arte, Euskal Herrian halako hilobiak harri arruntez zizelkatzen ziren, baina, orduan, lehen aldiz, alabastroz egindako bi hilobiak enkargatu zituen kantzilerrak. 

Gelaren alde bietan, kutxa banatan, On Pedroren gurasoen hilobiak daude. Estatua horiek guztiak ikusgarriak izanda ere, hilobien aurrean dagoen oholtza da arreta gehien erakartzen duena. Bertan azaltzen dira Jesukristoren bizitzari buruzko pasarteak, baina, arretaz begiratuz gero, aiaratarren arrastoak aurki daitezke ere. 

Ezkerraldean, Pedro eta haren seme nagusia ageri dira, San Blasen bedeinkapena jasotzen. Eskuinean, berriz, Guzmaneko Leonor eta haren erraina Sarmientoko Maria ageri dira, kasu honetan, Tomas Akinokoa alboan dutelarik. Guztiak zintzo-zintzo azaltzen dira margoetan, otoitz egiten. Jesukristoren gurutzearen oinetan, ere, On Pedroren ilobak ageri dira. Familia osoak, beraz, "cameo" bat egiten du artelan sakratuan, Jainkoak kontuan har zezan haien fedearen zintzotasuna. 

Originala, Chicagon 

Gaur egun ikusgai dagoen margolana, ordea, 1959an egindako kopia bat da. Lan originala 1913an saldu zuten. Gerora, Londresko enkante etxe batean ageri zen oholtza, eta, 1928tik Chicagoko Arte Institutuan (AEB) dago ikusgai. Aurten, gainera, zaharberritu dute, eta Pedro Lopez Aiarakoaren garaian izan behar zuen distira eta freskotasunarekin ikusteko aukera dute museo horretara bertaratzen diren lagunek. 

Kapera ez da, ordea, Kexaako harribitxi bakarra. Jauregiaren inguruak ere kontuan hartu beharrekoak dira; aparkalekuan bertan dagoen begiratokira hurbiltzea baino ez dago inguruen edertasunez konturatzeko. Horiek esploratu nahi dituenak ibilbide bat egin dezake Kexaako inguruetatik. Bertan dagoen turismo bulegoan informazioa eta laguntza arretatsua jasotzeko aukera dago. 

Bestelako aukerak 

Bulego horren alboan, arte sakratuari buruzko museo txiki bat dago, bizitza erlijiosoaren nondik-norakoak ezagutzeko. Adatseko Andre Mariaren erlikarioa ikusi nahi duenak, berriz, Gasteizko Arte Sakratuko Museora jo beharko du. Harribitxi hau –kasu honetan, zentzu literalean–Kexaan izan da mendeetan zehar, baina orain hiriburuko museoaren aterpean dago, behar adinako segurtasunez zaindua. Ez da txantxa. Duela gutxi, Kexaako kanpaiak lapurtu dituzte, eta horiek berreskuratzeko itxaropena ez da handia.

Duela gutxira arte, serora domingotarrak kantzilerraren aita Fernan Perez Aiarakoak sortutako komentuan bizi izan dira. Guztira, sei mendez izan dira bertan. 

2008an, berriz, Donostiako komentu batera joan ziren, Kexaako egoitza handiegia egiten zitzaielako. Hortaz, Hipolito apaiza da Kexaako jauregian orain bizi den bakarra, eta, loreak eta arimak ondo zaintzen baditu ere, ezusteko bisitaldien aurrean ez du amore ematen. 

Guztion ondare diren kapera edo eliza bisitatzeko, beraz, hitzordua aldez aurretik adostu behar da apaizarekin.

Erlazionatuak

Kexaa: Aiararren habia

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute/PHOT.OK 2019 ots 10 Aiaraldea   Aiara

Nerbioi ibaia, amildegirantz

Juanma Gallego 2018 abu 26 Aiaraldea

Patxaranaren jatorriaren bila

Juanma Gallego 2018 abu 26 Aiaraldea   Amurrio

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago