Amurrioko Maskuribai kalean dago Likorearen Museoa, tren geltokitik gertu. Bertan, Manuel Acha destilategi historikoaren ia bi mendeko ibilbidearen berri ematen diote bisitariari, hiru aretotan banatuta. Likoreen ekoizpenaren nondik-norakoak erakusten dituzte bertan. Batez ere, Atxa patxarana da protagonista, bertoko basaranekin egina. Bestetik, edari biziak eta likoreak destilatzeko historian zehar erabili izan diren lanabesak ikusgai daude museoan, hala nola barrikak eta alanbikeak. Baina jarduera horri lotutako beste hainbat elementu ere erakusten dira, tartean, kontabilitate liburuak eta iraganeko publizitate materialak.