Gure bazterrak

Kexaa: Aiararren habia

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute/PHOT.OK 2019ko ots. 10a, 06:00

Eskualde osoaren historia Aiararren leinuari lotuta dago

Aiaraldeko Kuadrilla osoan berrogeita hamar dorretxe baino gehiago daude, eta horietako gehienak Aiarako udalerrian. Besteen aldean, Kexaako Aiararren Oinetxea nabarmentzen da. Eskualde osoaren historia leinu horri lotuta dago, eta haren sorlekuan Monumentu Multzo ikusgarria dago. Bertan biltzen dira Aiararren gotorlekua (XIV. mendekoa), San Juan Bautista mojen komentua eta Adatseko Andre Mariaren dorre-kapera.

Aiararren historia antzinako jauregiaren hegal batean dagoen museoan ezagutu daiteke. Horretarako, hainbat agiri eta balio handiko irudiak, maketak eta objektuak daude. Halaber, Aiala Kantzilerraren, haren emaztearen eta gurasoen harzurizko sarkofagoak ikus daitezke. Ordura arte, Euskal Herrian halako hilobiak harri arruntez zizelkatzen ziren, baina orduan, lehen aldiz, alabastroz egindako bi hilobi enkargatu zituen kantzilerrak.

Bestalde, sei mendez, klausurako domingotarren San Juan Bautista moja-komentuan ongi gordetako zenbait artelan ere ikus daitezke. Halere, artelan baliotsuena, komentuko erretaula gotikoa hain zuzen, 1913. urtean saldu zuten mojek, "oso hondatuta" zegoelako. Gerora, Londresko enkante etxe batean agertu zen oholtza, eta 1928tik Chicagoko Arte Institutuan (AEB) dago ikusgai. 2017. urtean zaharberritu zuten erretaula, eta Pedro Lopez Aiarakoaren garaian izan behar zuen distira eta freskotasunarekin ikusteko aukera dute museo horretara bertaratzen diren lagunek. Kexaan egun ikusgai dagoen margolana, ordea, 1959an egindako kopia bat da.

Monumentua asteartetik igandera,10:00etatik 14:00etara zabalik dago, eta bisita gidatuak ere antolatzen dituzte. Aiararren domeinuak bisitatu ondoren, aukera dago, baita ere, inguruko paraje ederrekin disfrutatzeko. Kexaatik Etxaurrengo ermitara doan bidea jarraitzea da aukera horietako bat. Kexaako aparkalekutik abiatzen da basabide zahar bat, Menoiora eta ondoren Etxaurrenera eramango gaituena.

Fitxa: 

Kuadrilla: Aiaraldea.

Udalerria: Aiara.  

Biztanleak: 39 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: 2017ko apirilean Kexaako santutegiko kanpai-horma gotikoaren bi kanpaiak lapurtu zituzten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago