Harrizko anfiteatro ikaragarri batetik amiltzen da Nerbioi ibaia, 200 metro baino gehiagoko jauzia eginez. Hara joateko ibilbiderik errazena Gaztelako Berberana herritik abiatzea da, Santiago izeneko monumentu naturalaren inguruan hiru aparkaleku daudelako. Ibilbidean karst motako egitura geologikoak ikus daitezke. Horren amaieran, sari modura, paisaia ikusgarria azaltzen da. Aurreko egunetan euria egin badu, paisaiaz gain, penintsulako ur-jauzirik handiena ikusteko aukera dago. Nola ez da ba horrela izango, Bilboko itsasadarraren hasiera izanda?