Argantzon eta Trebiñuko Konderrian ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaiarekin bat egin dute dagoeneko. Mahaira batu den azken taldea Trebiñuko Konderriko alkatetza duen TDD (Trebiñu Egunez Egun) da. Hala, guztira, lau alderdiek osatzen dute mahaia: Trebiñuko Konderriko Elkarte Independenteak, EH Bilduk, EAJk eta aipatutako TDDk.
Enklabea Araban integratzeko bidean aurrera egiteko asmoarekin, ekainaren hasieran sortu zen Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaia, eta bigarren bilera egin du aste honetan. TDDko ordezkariak (Alfredo Perea Ortiz de Jokano eta Susana Olalde Fernandez) sartzea onartzeaz gain, hurrengo hilabeteetan ekimenaren berri emango diete enklabeko herritarrei.
Horretarako, liburuxka bat postontzietan banatuko da, erabaki hori hartzeko arrazoiak azalduz. Gainera, integraziorako mahaia Trebiñuko Konderriko zaindaria den San Formerio jaian egongo da, irailaren 20an. Bere eraketan onartutako araudiari jarraituz, lehendakaritza txandakakoa da, eta abendura arte Ritxar Astegieta Trebiñuko Konderriko EH Bilduko zinegotziak hartuko du.