Integrazioaren aldeko Mahaia aurkeztu dute Trebiñun

Erredakzioa 2025eko ekainaren 3a

Gaur aurkeztu dute Trebiñu Araban integratzearen aldeko mahaia. Argazkia: AGRUPACION INPENDIENTE

EAJ-PNV, EH Bildu eta Trebiñuko Agrupacion Independiente taldeetako kideak arituko dira ekimen horretan.

Trebiñuko Konderriko Agrupación Independiente taldeak, EH Bilduk eta EAJk osatzen duten Integrazioaren aldeko Mahaia aurkeztu dute gaur Trebiñun. Mahai hori "urrats sendoak emateko eta Trebiñuko enklabea Araban integratzearen alde lan egiteko" sortu da. Hala adierazi dute ekimena hartu duten alderdiek.

Hiru alderditako zinegotziek hartzen dute parte mahai honetan baina barrendegiko bi udaletan ordezkaritza duten gainerako taldeek ere parte ahal izango dute "egoera politiko eta administratibo zaharkitu" horrekin amaitzeko. Oraingoz PPk eta Treviño Día a Día taldeak ez dute onartu bat egitea.

Argantzongo zinegotzi Pablo Ortiz de Latierrok azaldu du Trebiñuk Araban "modu efektiboan" sartzea dela mahaiaren azken helburua. Horretarako, lehen pausua izango da barrendegiaren egoeraren eta bertako biztanleek bizi dituzten "bidegabekerien" analisia egitea. Ondoren, enklabeko erakunde eta gizarte eragileekin elkarlana bultzatu nahi dute, hainbat plan eta proiektu osatzeko. 

Aldarrikapen historikoa izateaz gainera, Trebiñu Arabako parte izatea " biztanleen gehiengoaren apustua dela" azpimarratu du Ortiz de Latierrok. Hori dela eta, ekimen honek bide horretan aurrera egiteko konpromisoa duela jakinarazi du.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago