Martxa bizia darama azken hilabeteetan Trebiñu Araban integratzearen aldeko aldarriak: abenduan, integrazio prozesua biziberritzeko ekimen instituzional bateratua plazaratu zuten Trebiñu eta Argantzongo udalek; otsailean, berriz, trebiñarren abstentzioaren garaipena Gaztela eta Leongo hauteskundeetan eta, horrekin batera, Trebiñu Araba da herri plataforma berriaren aurkezpena.
Orain, Korrikaren ajea atzean utzita, San Prudentzioko ospakizunekin bat egin eta aldarrikapenez beteko ditu Trebiñuk. Horretarako, Trebiñu Araba da plataformak arratsalde osoko egitaraua antolatu du Argantzonen, apirilaren 27rako.
- 17:30 Danborradaren hasiera
- 18:00 Danborradaren amaiera eta oharraren irakurketa
- 18:15 Txokolatada
- 18:30 Magia familian Antxon magoaren eskutik
- 19:30 Musika eta dantza
Eguraldiak aukera ematen badu, herriko plazan izango dira jarduerak; bestela, pilotalekuan egingo dute ekimena. Gainera, herri plataformaren informazio mahai bat jarriko dute bertan, herritarrei dinamikaren inguruko xehetasun guztiak helarazteko.